Santiago pasata, gaur Santa Ana
Santa Ana eguneko meza nagusia, prozesioa eta ondoren udal agintariek soka-dantza dantzatuko dute Plaza Nagusian. Santanazaleen eguna bihar izango dute.
Bero itzela izan dute Ordiziako Santa Ana festen lehenengo egunetan, baina hala izanda ere ederki erantzuten ari da jendea. Goizaldeko danborradaz eta txirrindularitza probaz gain, beste hainbat ekitaldi ere izan ziren atzo. Laguntasuna errondailaren goiz eresiak ireki zuen eguna. 07:30ean atera ziren kalejiran eta Dorrea etxeko atetik atera orduko jende pila zuten zain. Dagoeneko ohitura bilakatu da errondailako kideekin goizeko kalejiran abiatzea.
Goizean goizeko emanaldiaren ondoren, Plaza Nagusian egin zuten kontzertua 13:00etatik aurrera. Gaurko eta betiko kantak abestu zituzten eta Plaza bete egin zuten beste behin.
Gaur, Santa Ana
Santiago egunaren ondoren, gaur, herriko zaindariaren eguna ospatuko dute ordiziarrek. Santa Ana eguna goizaldeko danborradarekin hasiko dute. 06:00etan izango da hori eta ondoren txokolate jana egingo dute Zuhaiztian. Egun honetako beste klasikoetako bat Irungo Bandaren bisita da. 08:30ean aterako dira kalejiran. Bigantxak ere izango dira Idoiaga plazan.
Santa Ana eguneko meza nagusia 11.00etatik aurrera egingo dute. Ondoren, prozesioan aterako dute herriko zaindaria eta jarraian Plaza Nagusia izango da topalekua. Udal agintariek soka-dantza egingo dute.
Arratsaldean pilotazaleek hitzordua dute Beti Alai pilotalekuan. Etxeberriak eta Garmendiak Egiguren V.aren eta Bikuñaren aurka jokatuko dute, 18:00etan hasita. Ondoren, Irribarriak eta Mariezkurrenak Altuna III.aren eta Martijaren aurka jokatuko dute.
Kalean, berriz, arratsaldea girotzen ibiliko da Lagunak txaranga. Eidabe taldeak ere Gora kasete kale antzerkia egingo du Garagartza plazan, 19:00etan. 21:00etan, berriz, Beti Argi musika bandaren kalejira eta 22:30ean Dmana taldearen emanaldia izango dira Plaza Nagusian. Mana talde ezagunaren bertsioak jotzen dituzte.
Eta bihar Santanazaleen eguna ospatuko dute. Azken urtean ezkondu diren bikoteen eguna dela esan daiteke. Izan ere, Plaza Nagusian ohiko esku-dantza dantzatuko dute aurtengo partaideek.