Tokiko Gobernu Batzarraren gain utziko ditu Ezenarrok eskumen asko
2019-2023 agintaldirako udalaren barne antolaketa nolakoa izango den erabaki du Udalbatzak. Alkateaz gain, bi liberatu izango ditu udalak, alkate-ordea eta oposizio burua.
Ordiziako Udalak zehaztu du 2019-2023 agintaldirako barne antolaketa. Asteartean udalbatzan onartu zituzten egitura eta ordezkaritza, besteak beste. EH Bilduren udal gobernuak ekarriko duen aldaketa nabarmenena batzordeen kopuruan egongo da batetik. Bestalde, Adur Ezenarro alkateak, Tokiko Batzordearen gain utziko ditu eskumen asko. Udaltzabatzen ordua aldatzea ere erabaki dute, «kontziliazioagatik». Aurrerantzean, hilabeteko azken ostegunean, 19:00etan beharrean, 18:00etan izango da.
Agintaldi berrian, Adur Ezenarrok %100eko liberazioa izango du eta egingo duen lanagatik 3.683 euroko soldata gordina jasoko du hilean. Alkateaz gain, beste bi liberatu gehiago izango ditu udalak. Batetik, Maitane Alvarezek %65eko liberazioa izango du. 1.595,75 euroko ordainsari gordina jasoko du. Alkate orde kargua izango du Alvarezek. Gainera, oposizioan dagoen alderdi nagusiak ere pertsona bat liberatuko du, nahiz eta oraindik ez duten zehaztu nor izango den. EAJko ordezkari horrek %100eko liberazioa izango du eta, udal gobernu taldean ordainsari txikiena jasotzen duenaren %90a jasoko du.
Zinegotzien lan banaketari dagokionez, Jon Ander Caballero gazteriaz eta kirolaz arduratuko da; Lander Mujika, kulturaz; Jesus Mari Lariz, festa, ekitaldi eta azoka berezietaz; eta Itxaso Muñoz, azkenik, komunikazioaz eta herritarren parte hartzeaz arduratuko da.
Sistema berria
Udal gobernu berriak, bestalde, gobernatzeko sistema eredua aldatuko du legealdi berrian. Ezenarro alkateak bere gain dauden eskumen asko Tokiko Gobernu Batzarraren gain utziko ditu, eta organo horrek botere erabakitzailea izango du. Batzarrean, udala osatzen duten alderdi politiko guztietako ordezkariak egongo dira. Sei pertsonek osatuko dute. Alkateaz gain, Maitane Alvarezek (EH Bildu), Jon Ander Caballerok (EH Bildu), Miren Alazne Sukiak (Elkarrekin Podemos) Jose Migel Santamariak (EAJ) eta Iñaki Dubreuilek (PSE-EE) osatuko dute.
Organo berriak jarraian zehaztutako eskumenak izango ditu: ogasuna eta ekonomia; ondarea eta kontratazioa; hirigintza, ingurumena eta obrak; zigortzeko ahalmena; langileria eta desadostasunak. Ostegunero egingo dute bilkura. Bozketaren unean, 16 baiezko bozka (EH Bildu 7, EAJ 7 eta Elkarrekin Podemos 2) eta abstentzio bat (PSE-EE) jaso zituen proposamenak.
Bestalde, bost batzordetan egituratuko da udala: Lurralde antolamendurako batzordea; Antolaketa batzordea; Herritartasun batzordea; Ongizate eta osasun batzordea; eta Kontuen batzordea.
Sasieta Mankomunitatea
Bestalde Jose Migel Santamariak EAJko ordezkariak Sasieta Mankomunitatean ordezkaritza izatea eskatu zion udalbatzari. Ezenarrok ezezko erantzuna eman zion. EAJ alkatetzan egondako legealdian «Udalbatzak adostutako gai asko udalaz gaindiko organoetara eraman ez» zituztelako izan zen erantzuna.