Bigarren postua lortu du Alex Aranburuk Getxoko Zirkuituaren 74. edizioan
Bigarren postuan amaitu zuen lasterketa txirrindulari goierritarrak, bere taldekide Jon Aberasturirengandik 5 segundora. Lorenzo Manzinek itxi zuen podioa.

Etapa bikaina izan zen Getxoko Zirkuituaren 74. edizioa Caja Rural taldearentzat, lehen bi postuak talde honetako txirrindulariek lortu baitzituzten. Alex Aranburu goierritarrak bigarren tokian pasa zuen helmuga, bere taldekide den Jon Aberasturi igaro eta bost segundutara.
Guztira 24 kilometroko zirkuituari zortzi buelta eman behar zizkioten txirrindulariek, 192 kilometro denera. Azken igoeran aurreratu zuen Aberasturik aurretik zijoan laukotea, eta berak altxa zituen besoak helmugan. Alex Aranburu bigarren postuarekin konformatu behar izan zen; baina badaki zer den Getxoko zirkuituan garaipena lortzea, izan ere, bera izan zen iazko garailea.