Bihar ekingo diote Zubizarreta eta Urrestarazuk Mendi lasterketen Munduko Txapelketari
'2019 Youth Skyrunning Wold Championship' lehiaketan parte hartuko dute Irati Zubizarreta eta Lide Urrestarazu goierritarrek.
Fonte Cerreton izango da munduko txapelketa, l´Aquila hiritik gertu, Italian. Bihar izango dute lehen proba Irati Zubizarreta beasaindarrak eta Lide Urrestarazu ordiziarrak. Lehena, 23 azpikoen mailan arituko da; bigarrena, berriz, junior mailan.
Bihar arratsaldean, abuztuak 2, kilometro bertikalaren lasterketa izango dute. 3,5 kilometroko luzera izango du lasterketak, eta 2.000 metroko altueran egongo da helmuga.
Igande goizean izango da beste lasterketa, honek 21,6 kilometroko luzera izango du, eta 2.226 metroko desnibel positiboa.
Lasterketa bakoitzean bere kategorian azkarrena denari domina indibiduala emateaz gain, titulu konbinatua ere jokoan egoten da. Bi denborak, kilometro bertikalekoa eta beste lasterketakoa batu, eta bi hauen konbinazioan denbora onena duenari ematen zaio.