Idiazabal gaztaren ekoizpenarekin lotutako bisitak martxan jarraituko dute abuztuan ere
Udako eskaintza turistikoarekin jarraituz, Ander Barandiaran artzainarekin honen eguneroko lanera bisita edota Ondramuño Gaztandegiko ekoizpen prozesua ezagutzeko bisita izango dira bi aukerak.
Idiazabalek ateak irekita edukiko ditu turistentzat abuztuan. Idiazabal gaztarekin lotutako zenbait bisita daude antolatuta abuztuan zehar. Bertara hurbiltzen direnek, horren famatua den gaztaren sekretuak barne-barnetik ezagutzeko aukera izango dute.
Ander Barandiaran artzainaren egunerokoa ezagutzea da aukera bat. Abuztuko larunbat guztietan egongo da honetarako aukera, 11:30etatik 13:30etara. Bisitariek artaldea larrera eramaten lagunduko diote, eta bueltakoan artzainak txoko ezberdinak erakutsiko ditu: ikuilua, gaztandegiko leku ezberdinak, etab. Bisita behar bezala amaitzeko, gazta dastaketa bat egongo da bukaeran.
Ondramuño Gaztandegira bisita bat egitea da beste aukera; bisita hau abuztuko igande guztietan egongo da eskuragarri, hau ere 11:30etatik 13:30etara. Artzain gaztagilearen eskutik ustiategia bisitatuko da, ekoizpen prozesua ikusi, eta Idiazabal gazta desberdinen dastaketarekin bukatuko da bisita. Gazta aukera zabala egongo da: zuria, ketua, berria eta zaharra.