Organo kontzertua izango da igandean Ataunen
Ataungo Organo Barrokoaren Nazioarteko XIII. Jaialdiaren barruan antolatuta dagoen bigarren kontzertua da Andres Cea organo-jotzaile andaluziarrak igandean emango duena, 18:00etan hasita.
San Martingo elizan dagoen organoa altxor bat da ataundarrentzat, eta honen inguruan urtero antolatzen dituzte organo kontzertuak. Aurtengoa bi emanaldi antolatzen diren hamairugarren urtea da; lehena kontzertua uztailaren 20ean izan zen, eta abuztuaren 4ean izango da bigarrena.
Uztailaren 20ko kontzertua arrakastatsua izan zen, jende asko hurbildu zen elizara kontzertuaz gozatzera. Ana Belen Garcia organo jotzaile andoaindarra, Mixel Ducau musikari baionarra, Thierry Biskari abeslari baxenafarra eta Ataungo Eate abesbatzak eskaini zuten lehen egun horretako kontzertua.
Andres Cea organo-jotzailearen txanda izango da igandean. Musikari andaluziarra Espainian, Frantzian eta Suitzan trebatu da organoa jotzen, eta bakarkako CD-ak ere grabatu ditu. Egun, irakaslea da Sevillako Musika Kontserbatorioan eta Andaluziako Organo Akademiako zuzendaria ere bada. Arratsaldeko 18:00etan hasiko du emanaldia organo-jotzaileak.
Hurrengo egunean, abuztuak 5, Donostian nazioarteko ikastaroan parte hartuko duten jotzaileak Ataungo organo barrokoa ikustera etorriko dira.