'Gourmet Bag 2.0' ekimenaren aurkezpena egin zuten atzo goizean
Jatetxeetako elikagaien xahutzea saihesteko soluzio ekologikoa da ekimen hau. Aurtengoan Arrasate, Eibar, Tolosa, Beasain eta Irungo 25 taberna eta jatetxek parte hartuko dute.
Atzo goizean aurkeztu zuten ‘Gourmet bag 2.0’ proiektua José Ignacio Asensio Ingrumeneko diputatuak, Kino Martinez Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkariak eta Xabier Arizmendi Impact Hub Donostiako gerenteak. Helburu nagusi bat du proiektuak: jatetxeetan eskatu eta jaten ez diren elikagaien xahuketa saihestea.
Ekimen honi esker, gourmet bags edo ontziak emango zaizkie bezeroei, nahi izanez gero soberakinak etxera eraman ahal izateko. Iazko proeiktuan Donostiako establezimenduek bakarrik hartu zuten parte, baina bigarren edizio hau Gipuzkoako bost udalerritako 25 taberna eta jatetxetan burutuko da, tartean Beasainen. Gainerako udalerriak Arrasate, Eibar, Tolosa eta Irun dira.
Paper birziklatuarekin eginiko ontzi ekologikoak dira gourmet bags-ak, eta mikrouhin labean ere sar daitezke. Konpostagarriak eta biodegradagarriak direnez, erabiltzaileek edukiontzi marroira bota ahal izango dituzte. 3.125 ontzi jarriko dira eskuragarri, dohainik establezimenduaren eskura. Standak eta informazio kartelak jarriko dira establezimenduetan ekimenak irauten duen hiru hilabeteetan: urritik abendura.
‘Gourmet Bag 2.0’ proiektu irekia dela azpimarratu zuten aurkezpenean, eta interesa duten establezimenduak harremanetan jar daitezke Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin edo Impact Hub Donostiarekin.