Iñaki Perurenaren emanaldia izango da bihar gauean Maizpiden
Iñaki Perurena leitzarrak "Harria. Maitasun istorioa" ikuskizuna eskainiko du bihar Maizpideko zineman gaueko 22:00etatik aurrera.
Denetik egin duen gizona da Iñaki Perurena (Leitza, 1956). Jende gehienak harrijasotzaile bezala ezagutuko du; baina aktore lanetan ere aritutakoa da, bere ogibide zen harakin lanarekin batera. Hainbat errekor ditu bere eskuetan, bera izan zen 300 kiloko langa gainditu zuen lehen harrijasotzailea, besteak beste.
Oraingoan, ordea, ez da etorri harria altxatzera; bere ikuskizunak harriarekin lotura estua izango duen arren. Harriarekin jarraitzeko beste modu bat da Iñakik eskaintzen duen bakarrizketa; bertan: bere bizipenak, harriaren historia, etab. Ikuskizunaren izenari dagokionez, elkarrizketa batean honakoa aipatu zuen: “bakoitzak nahi duen titulua jar diezaioke: niretzat maitasun-istorio bat da eta hainbat pasarte ditu”.
Harriaren bueltan, bakarrizketa honetaz gain, museo bat ere prestatuta dauka bere etxe inguruan Leitzan: Peru-Harri; eta hainbat bisita izaten dituzte urtean zehar. Maizpideko zineman eskainiko du Iñaki Perurenak bere ikuskizuna, 22:00etan.