Alex Aranburu Astana taldean arituko da datorren denboraldian
24 urteko ezkiotarra Astana Pro Team taldearekin arituko da hurrengo denboraldian. Aranburuk World Tourrera emango du jauzia talde aldaketa honekin.
Hiru urtean ibili da Alex Aranburu Caja Rural taldean, eta World Tour mailara emango du jauzia 2020. urtean Kazakhstango Astana Pro Team taldearen eskutik. Profesionaletan debuta 2016. urtean egin zuen, Euskadi Murias taldearekin.
Getxoko zirkuituan garaipena eskuratu zuen iaz, eta aurtengoan bi lorpen ditu: Madrilgo itzulian etapa bat, eta pasa den asteko Burgosko itzulian beste bat. Larunbatetik aurrera Espainiako Itzulian parte hartzekoa da ezkiotarra.
Taldean beste bi goierritarrekin izango da, Izagirre anaiekin hain zuzen. 4 euskaldun izango dira Alexandre Vinokouroven aginduetara datorren denboraldian, hiru goierritarrez gain Omar Fraile santurtziarra ere bertan izango baita. Beste bi itzuli handietan parte hartzeko aukera izan dezake datorren denboralditik aurrera Aranburuk, beste hainbat lasterketa gehiagoz gain.