Abuztua amaitzen doan heinean azoka normaltasunera itzultzen Ordizian
Nabaritzen da abuztua ere amaierara hurbiltzen ari dela, postu gutxi zeuden hutsik gaurko azokan. Jendea oporretatik bueltan den seinale.
Gaurko azokan ere, goizeko lehen orduetan baino mugimendu handiagoa izan da beranduago. Postu hutsak ere, aurreko astearekin alderatuz, gutxiago ziren gaurkoan. Badirudi normaltasunera itzultzen ari dela azoka, oraindik abuztuan egon arren.
Berritasunei dagokionez, badira zenbait, baina aurreko asteetan baino gutxiago. Berritasunen artean, esaterako, txikoria edota eskarola lisoa ditugu; biak ere euro batean unitatea. Sagar mota berriak ere baziren, nahiz eta zein sagar mota den argi ezin jakin; baserri bakoitzean izen ezberdina ematen baitiote.
Sagar gehiago ere baziren. Reina de reinetas sagarra, adibidez, kiloa bi euroren truke zegoen salgai. Oñatibi txikiko Mirenek, berriz, Muratini udarea zuen 2€/kg; eta Klaudia arana 3,5€/kg. Landareetan, kardo landarearen unitatea 15 zentimoan zegoen. Kardoa orain, abuztuan landatzen da eta abenduan egon ohi da jateko prest. Trufa ere aurki zitekeen gaurkoan azokan, 130€/kg balio zuen.
Mikologiari dagokionez, hemengo onddoak 20kg inguru zeuden; kanpokoak, berriz, 130 kg. Bien prezioa antzekoa zen, 18-30 euro artean saltzen baitzen kiloa. Gorringoari dagokionez, 14 kilo zeuden; eta kiloko 32-35 euro ordaintzen zen. Kanpoko zizahoria 40 kg inguru zeuden, eta bertako kilo bat. Bien prezioa 18€-ren bueltan kiloa. Azkenik, bertako gibelurdina ere bazen, 6 kilo. 25€ ordaintzen zen kiloko.