Emaneurre euskarari eguneko egitaraua prest dago
Emaneurre taldeak aurtengoan ere antolatu duen eguna Irailaren 7an izango da, eta egitarau polita prestatu dute egun horretarako.
‘Emaneurre euskarari’ egunak bederatzigarren edizioa izango du aurten, kirola eta euskara sustatzea izaten dute helburu antolatzaileek egun honetan. Goizean, kuadrilen arteko herri kirolak izango dira. 8ko taldeetan banatuta ariko dira partaideak herri kiroletan, eta espero da aurreko urteetan bezain jendetsua izatea; izan ere, 160 pertsonak parte hartu zuten iazko edizioan, 20 taldek.
Herri kirolen ondoren indarra hartzeko bazkari herrikoia izango da, eta herri kiroletan parte hartu ez dutenek ere izango dute aukera bazkarira hurbiltzeko. Sarrerak tabernetan egongo dira salgai, 10 eurotan.
Amaiera emateko, Elizagoien ahizpak, Zuttik elektrotxaranga eta Nogen taldea izango dira, eguneko une ezberdinetan.