San Gregorioko festak abuztuaren 29tik irailaren 3ra izango dira.
Ataungo San Gregorio auzoko festak aurtengoan abuztuaren 29tik irailaren 3ra izango dira, eta egitarau erakargarria prestatu dute egun horietarako.
Abuztuaren amaierarekin batera iritsi ohi dira San Gregorio auzoko festak Ataunen, eta aurtengoan ez da salbuespena izango. Bost eguneko egitaraua prestatu dute aurtengo jaietarako, eta hainbat partida, kontzertu, otordu eta jolas izango dira egun horietan zehar. Festari amaiera irailaren 3an emango zaio, San Gregorio egunean.
Abuztuaren 29an, osteguna, hasiko dituzte festak ataundarrek. Arratsaldeko 19:00etan izango da festei hasiera emateko txupinazoa. Egunean bertan, buruhandiak eta pala partidak izango dira, eta gauean bertsolari eta trikitilariez alaitutako herri afariarekin emango diote amaiera egunari.
Kuadrilen eguna izango da bigarrena, abuztuak 30. Eguerdiko 14:00etan plazan elkartuko dira kuadrilak, ohitura den moduan txuriz jantzita. 15:00etan kuadrila bazkaria izango da; eta txikienentzat, berriz, Ginkana eta jolasak, baita txokolate jana ere. Ondoren erreka jaitsiera izango da, eta hau amaitzean karro lasterketa. 19:30etan Maite Zaituztegu ekitaldia egongo da, eta kuadrilen afaria gaueko 21:30etan. Gaua alaitzeko arduradun Karea taldea eta Iratzar erromeria izango dira.
Abuztuak 31, larunbata, txikienen eguna izango da. 12:00etan elkartuko dira plazan eta San Gregorio konkistatzen jolasean ibiliko dira. Ondoren, 14:00etan haurren bazkaria izango da. Bazkalondoan, puzgarriak, jolasak eta askaria izango dituzte haurrek, eta DJ Ioarren emanaldiarekin batera haur mozorro festa eta purrara. Gauean oilasko jana izango da, eta Marlik eta Zirkiñik bez taldeek girotuko dute gaua. Mozorro lehiaketako sari banaketa ere gauean izango da.
Igandean, Irailak 1, pelota partidekin emango diote hasiera goizari; eta ondoren kantu poteoa izango da EATE abesbatzaren eskutik. Arratsaldean, Otsoak dantza taldearen emanaldia eta kontzertu akustiko bat izango dira; eta, eguna amaitzeko, gazta dastaketa.
Festetako azken eguna Irailaren 3a izango da, San Gregorio eguna. Meza santuarekin hasiko dute eguna, eta salda banatuko da ondoren. Jarraian, toka txapelketa izango da; eta honen ondotik Herri bazkaria. Festei amaiera Mus txapelketarekin emango diote ataundarrek.
Otorduetarako sarrerak salgai egongo dira ohiko lekuetan, eta umeen eguneko bazkarirako izena eman behar da.
Hona hemen jaietako egitarau osoa:
Abuztuak 29, osteguna.
- 16:45. Erreka jaitsiera.
- 19:00. Txupinazoa. Buruhandiak auzoan zehar.
- Ondoren, Pala partiduak: Kaia Perlines-Maider Mendizabala vs Amaia Lopez-Maddi Mendizabal
- 21:30. Herri afaria trikitilari eta bertsolariz alaituta.
Abuztuak 30, ostirala. Kuadrila eguna.
- 14:00. Plazan kuadrila juntadizoa. Txuriz jantzita ohiturei segiz.
- 15:00. Kuadrila bazkaria trikitilariz alaiturik.
- 17:30. Ginkana LH-ko haurrentzat auzoan zehar. Jolasak HH-ko haurrentzat plazan.
- 18:00. Txokolate beroa bizkotxoekin (Lauztiturrieta baserrikoen laguntzaz).
- 18:30. Erreka jaitsiera.
- 19:00. Karro lasterketa.
- 19:30. Maite zaituztegu ekitaldia.
- 21:30. Kuadrila afaria.
- 23:59. Kontzertuak: Karea eta Iratzar erromeria
Abuztuak 31, larunbata. Umeen eguna.
- 12:00. San gregorio konkistatzen plazan gaztetxoentzat. 10-14 urteko haurrentzat.
- 14:00. Haurren bazkaria jolasgelan.
- 15:00. Puzgarri eta jolasak frontoian.
- 18:00. Haurrentzako askaria Sutegi tabernaren laguntzaz.
- 19:00. Haur mozorro festa eta ondoren purrara, bitartean DJ Ioar.
- 21:00. Oilasko jana.
- 00:30. Kontzertuak: Marlik eta Zirkiñik bez
- 02:00. Mozorro lehiaketa.
Irailak 1, igandea.
- 11:30. Pilota partidak.
- Eguerdian kantu poteoa EATE abesbatzarekin.
- 18:00. Otsoak dantza taldearekin emanaldia plazan.
- 20:00. Kontzertu akustikoa.
- 20:30. Gazta dastaketa.
Irailak 3, asteartea. San Gregorio eguna.
- 10:00. Meza santua. Ondoren, salda Pelotazale Elkartearen eskutik.
- 12:00. Haurren eta helduen toka txapelketa frontoian.
- 14:30. Herri bazkaria.
- 18:00 Mus txapelketa.