Turismoak goraka jarraitzen du Goierrin
Aurtengo udan iazko turista kopurua apur bat hobetuko dela aurreikusten da. Azken urteetan sekulako gorakada izan du eskualdean turismoak.
Azken urteetan turismoa goraka doa Goierrin, eta oso leku ezberdinetako jendea hurbildu da Goierriko tokiak ezagutzera. Goiturrek dioenaren arabera, oraindik abuztuko datu ofizialik izan ez arren, turismo bulegoetan diotenaren arabera, iazko turista kopuru antzekoa edo apur bat handixeagoa izango da aurtengo abuztuan eskualdean.
Ostatu, hotel eta landetxeen okupazioari dagokionez abuztua ia osoki beteta dago, nahiz eta hurrengo astetik aurrera jaisten hasiko den. Iaz 18.000 gaualditik gora egin ziren Goierrin; eta aurtengoan mantendu behintzat egingo dela aipatzen du Goiturrek. Eta ziurrenik, zertxobait igo ere bai. Iazko ohe kopuru berdina eskaintzen da aurtengoan ere Goierrin.
Jatorriari dagokionez, kataluniarrak dira gehien etortzen diren turistak; baina aurten sekulako gorakada egon da Valentziar autonomia-erkidegotik datorren turistetan, madrildarren aurretik egongo lirateke valentziarrak 2. postuan. Azken bi urteetan Andaluziatik eta Kanariar irletatik datorren turista kopurua ere goraka doa. Espainiar estatuko leku guztietatik etorri da jendea.
Estatutik kanpoko turistei dagokionez, Goiturretik abuztuan turisten %20 halakoa izango dela aurreikusten du. Turista frantsesa geroz eta gehiago etortzen zebilen azken urteetan, baina aurtengoan gorakada are nabarmenagoa izan da. Hauez gain, besteak beste: AEB, Belgika, Herbehereak, Alemania ere aipa daitezke turisten jatorriari dagokionez. Iazko udan 38 herrialdetatik etorritako turistak zenbatu ziren, aurtengo uztailean, berriz, uztaileko datuak soilik hartuta, 39 herrialdetatik etorri dira turistak eskualdera.
Datu hauek guztiak turismo bulegoetan jaso ditu Goiturrek, baina gaur egun kontuan izan behar da jendea bere kabuz ere ibiltzen dela, egun internetez informazio ugari baitago.
Abuztuan, urte osokoez gain; bisita bereziak prestatzen dira zenbait lekutan turistentzat: museoak edo gaztandegiak, esaterako. Hauetan bisita guztiak aurrera atera dira, eta kopuru politeko taldeekin gainera. Honek erakusten du, jendea ez datorrela Goierrira soilik lo egitera; bertako lekuak, ohiturak eta kultura ere ezagutu nahi dituela baizik.