Irailaren 1ean Artzain Eguna izango da Legazpin
Beste behin Gipuzkoako Artzain Eguna Legazpin ospatuko da iraileko lehen igandean. Bertan, Gipuzkoako Artzain Gaztaren 35. Lehiaketa, Ardi Okela Prestatzearen 29. txapelketa edo 51. Artzai Txakur Lehiaketa, besteak beste.
Aurtengoan ere Iraileko lehen igandea egun berezia izango da Legazpin, jendetza bilduko baita beste urte batez Gipuzkoako Artzain Egunean. Herrian izaten den ekitaldi jendetsuenetakoa izaten da hau, egun garrantzitsua, beraz.
Goizean, Gipuzkoako Artzain Gaztaren Lehiaketa izango da, aurtengoa 35. edizioa. Patxi Otaegi Beizamarrak eskuratu zuen pasa den urtean gaztarik onenaren saria. Honen ondoren, berriz, Ardi Okela Prestatzearen 29. lehiaketa izango da.
Eguerdian, artzainei omenaldiak egingo zaizkie. Omenduko dituzten artzain beteranoak Inazio Artano Sagastume tolosarra eta Angel Errasti Oinederra azpeitiarra izango dira. Ameriketan egindako lanagatik omenaldia jasoko duten artzainak, berriz, Almirantearena anaiak izango dira: Joxe, Bizente eta Felix. Artzain aipagarriak Galarraga baserriko Begoña Galarraga eta Joxe Mari Agirretxe izango dira; eta azkenik, urtez urteko lanarengatik Feli Arrese izango da omendua.
Arratsaldean Gipuzkoako 51. Artzain Txakurren lehiaketa izango da, bertan 7 txakurrek hartuko dute parte; azken lau urteetan garaipena eskuratu duen Eder txakurra eta bere jabe Joxe Mari Bengoa oñatiarra ere bertan izango dira.
Lehiaketa hauez gain, egunean zehar hainbat ardi erakusketa, sagardo eta gazta dastaketa, eta giro ederra izango da hurbiltzen direnentzat.