Asteburuan Arantzazura erromesaldia, Segura, Zerain eta Mutiloatik
Herritik oinez abiatu edo Otzaurtera autobusez joateko aukera izango da. Urbian bazkaltzeko edo Arantzazun lo egiteko izena eman behar da aurrez.
Urteroko ohiturari jarraituz, segurarrek, zeraindarrek eta mutiloarrek erromesaldia egingo dute asteburuan Arantzazura. Larunbatean guztiak 16:30ean Urbian elkartu eta elkarrekin jaitsiko dira Arantzazuraino.
Seguraren kasuan, larunbatean, hiru aukera izango dituzte Arantzazura joateko: 06:00etan plazatik oinez abiatzea; 08:00etan plazan autobusa hartu eta Otsaurteraino autobusez joan eta oinez joatea; eta hirugarrenik, 09:00etan plazan autobusa hartu eta Aldaolaraino joatea. Hiru kasuetan, 09:45ean, San Adriango aterpetxean elkartuko dira handik aurrerako bidea elkarrekin egiteko. Igandean, Arantzazura autobusez joateko aukera dago, 10:00etan; 17:00etako agurreraren ondoren izango da itzulera. Autobuseko, Urbiako Fondako bazkarirako edo Arantzazun bertan lo egiteko izena eman behar da Estankoan; bihar da azken eguna.
Zeraindarrek ere egina dute larunbaterako plana: 08:00etan plazan elkartuko dira, nahi duenak oinez edo Aldaolaraino autoz joateko. Arratsaldeko harrera elizkizunaren ondoren itzuliko da autobusa. Santi Muñoari deituta eman daiteke izena, 943 58 20 70 zenbakira; bihar da azkeneko eguna. Igandean joan nahi dutenek Segurako autobusean joateko aukera izango dute, Estankoan izena aurrez emanda.
Mutiloarrak ere 08:00etan abiatuko dira Arantzazu aldera. Itzulerako ordua 18:30ean dute zehaztua.