Betiko festa giroa zain Brinkolan
San Agustin jaiak ospatuko dituzte Brinkolan, gaurtik larunbatera arte. Jubilatuen eguna da gaur. Festak laburragoak izanagatik, ekitaldi ugari bildu dituzte egitarauan
San Agustin da gaur, egun handia Brinkolan eta auzoko jaien hasiera. Aurten, jubilatuei eskainitako egun honetan hasi eta igande goizaldera arte luzatuko dira festak, Artzain Egunak muga jarrita.
Iraupen laburragokoak dira, baina egitarauan ohiko osagaiak bildu dituzte. Musikak toki garrantzitsua izango du, baita tradizio bihurtu diren beste hainbat hitzorduk ere: jubilatuen bazkaria, auzo afaria, tortilla lehiaketa, sardina erreak, bola eta toka, txerri harrapaketa.
Azken urteetan bezala, eraso sexistarik gabeko jaiak nahi dituzte, eta gazteak herrira itzultzeko autobusa izango da gauetan, baita Junetorri ere egunez.
Lehengoak eta gaurkoak
Garai batean, Patrizio Etxeberriaren lantegian jai ematen zieten San Agustin egunean brinkolarrei. Meza eta ‘jazpana’ (jazz-band) izaten ziren orduan, beheko plazan, elizaren eta Joxemañe tabernaren ondoan; igandean, ‘repetizio egunean’, meza eta jazpana, goiko plazan, geltokiaren eta Patxiñe tabernaren ondoan. Legazpitik oinez edo trenez jende asko joaten zen.
Jai egunak gehitu, eta sona handiko jaiak izaten jarraitu dute Brinkolakoek. Garai ezberdinetan jarri izan diren txosnek asko lagundu dute horretan, Ganuzarenak adibidez, edo auzotarrek jaietarako dirua lortzeko jarritakoek. Armuño elkartea ere ezinbestekoa izan da. Gaur, taberna faltan, horixe eta geltokiko txosna dira festagune nagusiak. Txosnak izan dira, gainera jaiak ordaintzeko diru iturri bat, auzotarrak, egitarauko iragarleak eta udalarekin batera.
Hala, egitarau erakargarriak prestatu ahal izan dituzte urtetik urtera, musika bereziki zainduz: jazpana, Iñaki Eizmendi eta Imanol kantariak, Enrike Zelaia akordeoilaria, Bries eta beste erromeria taldeak, Dj-ak, Latzen edo Egurra Ta Kitto bezalako rock taldeak… Rocka da, hain zuzen, azken urteetako izarra.
Bertsolari eta trikitilarien saioak, bola eta toka txapelketak edo meza ez dira falta izan eta atzera begira jarrita, motokrosa, asto lasterketak, herri kirolak, idi probak edo su artifizialak ere antolatu dituzte, askotariko ekitaldiak.
Aurten ere izango da zer egin Brinkolan San Agustin jaietan.
BRINKOLAKO SAN AGUSTIN JAIAK
Gaur, abuztuak 28
- 12:30. Meza nagusia San Agustin elizan.
- Ondoren. Jubilatuen bazkaria Armuño elkartean,
Ostirala, abuztuak 30
- 21:00. Txupinazoa eta ikurrina jartzea.
- 21:00. Auzo afaria Armuño elkartean, Joseba Barandiaran, Axier Iriondo eta Aitor Esteban bertsolariekin eta Elustondo anai-arreba trikitilariekin.
- 23:30. Rock emanaldia Legazpiko Browstons eta Kontuz Erromeriya taldeekin, geltokiko plazan.
- 24:00. Erromeria Armuño elkartean Elustondo trikitilariekin.
- 03:00. Legazpira itzultzeko autobusa.
Larunbata, abuztuak 31
- 12:00. Marrazki lehiaketa. Lanak Armuño elkartean egongo dira ikusgai jaietan zehar.
- 17:00. Bola eta toka txapelketen hasiera.
- 17:30. Tortilla patata lehiaketaren hasiera eta umeentzako jolasak. Ondoren, sardina, txistorra eta sagardo dastaketa.
- 18:00. Buruhandiak.
- 19:30. Gazteen sokamuturra.
- 23:00. Rock emanaldia geltokiko plazan: Legazpiko La Toga eta Nekrobabies eta Andoaingo WC Grooves.
- 02:30. Txerri harrapaketa 4.0. Irabazlearentzat 60 euro.
- 03:00. Legazpira iltzultzeko autobusa.