Gazte lokalek bi eguneko egitaraua prestatu dute Porru kaleko jaietan
Ostiralean mus txapelketa, txupinazoa, sagardo dastaketa eta Guri 5 taldearen kontzertua izango dira. Larunbatean, berriz, bazkaria, Porru Sarien banaketa eta Zuttik elektrotxaranga
Gazte lokalen arteko harremana sendotzeko eta herriko gazteak elkar ezagutzeko helburuarekin, gazte lokaletako gazteek Porru kaleko festak antolatu dituzte bigarrenez. Bi eguneko festa egitaraua antolatu dute, Erauskin plazan eta Gernika pasealekuko pilotaleku txikian.
Ostiralean, 16:00etan izango da lehenengo ekintza, pilotalekuan: mus txapelketa. 15:30ean irekiko da izena emateko epea. Hala ere, festen hasiera ofiziala 18:45ean izango da, txupinazoarekin. Jarraian, sagardo dastaketa izango da Porru plazan (Erauskin plazan). 14 sagardotegitako 500 sagardo botilatik gora izango dituzte herritarren artean banatzeko; edalontziagatik 4 euro ordaindu beharko dira. Gauean, 21:00etan, pilotalekuan, Guri 5 eta Eman Emak disko jartzailea izango dira.
Larunbatean, bazkari herrikoia egingo dute, 14:30ean, pilotaleku txikian. Paella, haragi gixatua, postrea eta edaria izango da menua. Otordu beganoa ere izango da aukeran, baina horretarako aurrez jakinarazi beharko da 689 584 594 telefonora deituta. Gaur da txartela erosteko azkeneko eguna Apk eta Movis gazte lokaletan eta Hiruki tabernan (15 euro). Bazkalondorenean, 17:30ean, Porru Sariak banatuko dituzte, Aratz Igartzabal eta Maialen Akizu bertsolariek lagunduta. Asteburuko festarekin amaitzeko, 18:30ean, Zuttik elektro txarangarekin poteoa egingo dute gazteek.