Jubilatuek eman diete hasiera Brinkolako San Agustin jaiei
San Agustin egunean bertan hasi dira jaiak Legazpiko Brinkola auzoan. Jubilatuei eskainitako eguna da festetako lehena aurten, eta asteburuan izango du segida egitarauak, ohiko ekitaldiekin.
Bota dute jaien hasierako lehen suziria Legazpiko Brinkolan, eta jubilatuak arduratu dira horretaz. Ohikoa den moduan, gaurko San Agustin eguna auzoko jubilatuentzat da, eta haiei eskainitako mezaren ondoren, elizatarian elkartu dira Agirrezabal familiak eskainitako hamaiketakoaz gozatzeko. Ondoren, Armuño elkartera abiatu dira bazkaltzera. Auzoak eskaini dien bazkarian 27 lagun bildu dira; horietan zaharrena Joaquin Pinto da, 89 urterekin, eta gazteena Belen Madinabeitia, 62rekin.
San Agustin jaiek asteburuan dute segida. Hona hemen egitaraua:
Ostirala, abuztuak 30
- 21:00. Txupinazoa eta ikurrina jartzea.
- 21:00. Auzo afaria Armuño elkartean, Joseba Barandiaran, Axier Iriondo eta Aitor Esteban bertsolariekin eta Elustondo anai-arreba trikitilariekin.
- 23:30. Rock emanaldia Legazpiko Browstons eta Kontuz Erromeriya taldeekin, geltokiko plazan.
- 24:00. Erromeria Armuño elkartean Elustondo trikitilariekin.
- 03:00. Legazpira itzultzeko autobusa.
Larunbata, abuztuak 31
- 12:00. Marrazki lehiaketa. Lanak Armuño elkartean egongo dira ikusgai jaietan zehar.
- 17:00. Bola eta toka txapelketen hasiera.
- 17:30. Tortilla patata lehiaketaren hasiera eta umeentzako jolasak. Ondoren, sardina, txistorra eta sagardo dastaketa.
- 18:00. Buruhandiak.
- 19:30. Gazteen sokamuturra.
- 23:00. Rock emanaldia geltokiko plazan: Legazpiko La Toga eta Nekrobabies eta Andoaingo WC Grooves.
- 02:30. Txerri harrapaketa 4.0. Irabazlearentzat 60 euro.
- 03:00. Legazpira iltzultzeko autobusa.