Literatur tertulia etzi, Garazi Goia eta Goizalde Landabasorekin
Hitz edo Irri, euskaraz elkarri euskara taldeak antolatuta, literatur tertulia egingo dute '1.362 km euri' liburuaren bueltan, Garazi Goia eta Goizalde Landabaso idazleekin.
Segurako Hitz edo Irri, euskaraz elkarri euskara taldeak 39. literatur tertulia egingo du hilaren 30ean, 19:00etan, kultur etxean. Herriko idazle bat izango da oraingoan protagonista: Garazi Goia, Goizalde Landabasorekin batera idatzi duen 1.362 km euri liburua oinarri hartuta. Bi idazleak bertan izango dira, eta solasaldi edo tertulia irekia egitea da helburua; liburua irakurri ala ez, entzule gisa ere parte hartu daiteke.
Goia Londresen bizi da eta Landabaso Bilbon. 1.362 kilometro daude bi hirien artean eta bi idazleen arteko urtebeteko gutun trukearen emaitza da liburua. Gutunen gaia ondorengoa zen: bigarren bizitza batean zein emakume izatea aukeratuko zenuke?. Honela, gutun bakoitzak emakumezko bati egiten dio erreferentzia, historian zehar itzalean gelditu izan diren emakumeei. Idazle segurarraren esanetan, «itzalean gelditu diren emakumeak dira, nahiz eta historian urrats bat egin. Ez dira hain emakume ezagunak, baina aparteko emakumeak dira, normalean, gizonezko baten itzalean geratu zirenak».