Parte hartu Udako Argazki Lehiaketan eta lortu sari ederrak
Udako 14. Argazki Lehiaketa antolatu dute GOIERRIKO HITZAK eta Fotoetxek. Irailaren 22ra arte parte har daiteke, argazki bana webgunera igota. Lehiaketa irekia da
Askorentzat bukatu dira udako oporrak, eta argazkiak izaten dira horiek gogoratzeko modurik onenetakoa. Oporretako irudi horiek saria ere izan dezakete, ordea. Izan ere, GOIERRIKO HITZAk eta Fotoetxek Udako 14. Argazki Lehiaketa antolatu dute elkarlanean. Lehiaketa irekia da, eta goierritar guztiek parte hartu ahal izango dute, harpidedun izan edo ez. Harpidedun edo Hitzakide direnek, ordea, sari bereziak jasotzeko aukera izango dute. Irailaren 22ra arteko epea dago argazkiak bidali eta lehiaketan parte hartzeko.
Guztira hamar sari banatuko dira parte hartzaileen artean; horietatik sei, irakurleek webguneko bozen bidez aukeratutakoak izango dira. Epaimahaia Fotoetxe argazki dendako Jose Mari Telleriak eta Lake Oiarbidek eta GOIERRIKO HITZAren lan taldeak osatuko dute.
Lehiakide bakoitzak argazki bana bidali ahal izango du. Horretarako goierri.hitza.eus webgunean sartu eta Udako argazki lehiaketako atalean sartu behar da; bertan dago argazkia igo eta datuak betetzeko formularioa. Jasotako argazkiak webgunean ikusgai izango dira irailean.
OINARRIAK
Lehiaketa. GOIERRIKO HITZAk eta Fotoetxek antolatutako Udako 14. Argazki Lehiaketa.
Epeak. Gaurtik irailaren 22ra bitartean bidal daitezke argazkiak goierri.hitza.eus webguneko lehiaketaren atalean sartu eta formularioa beteta. Derrigorrezkoa da datu guztiak betetzea.
Parte-hartzea. Irekia izango da parte hartu nahi duten guztientzat. Harpideek, ordea, sari berezietarako aukera izango dute. Argazki bakarra aurkez daiteke.
SARIAK
Argazkirik onena. Fotoetxe dendak eskainita, 60×100 argazki handitua Kappa euskarrian.
Argazkirik originalena. Fotoetxek eskainita, 50x80ko argazki handitua Kappa euskarrian.
Harpideen 1. Saria. Mutrikuko Arbe hotelean egun bateko egonaldia bi lagunentzat.
Harpideen 2. Saria. Ezkioko Argindegi jatetxeak eskainita, bi lagunentzako menu berezia.
Bozketa. Boto gehien jasotzen dituztenentzat 6 argazki handitze (20×30), Fotoetxek eskainita.
Sari banaketa. Urriaren 3an, Fotoetxeren estudioan.