Bihar egingo diote azken agurra Patxi Epelde artistari
Jaiotzez tolosarra bazen ere, urte asko egin ditu Ordizian bizitzen. Margolanez gain, eskultura arloan ere aritu izan da; berea da CAFeko atarian dagoen 'Amiantorenei' obra.
Atzo hil zen Patxi Epelde margolari eta eskulturgilea, 63 urte zituela. Jaiotzez tolosarra bazen ere, Ordizian bizi zen, eta ezaguna zen eskualdean, hainbat erakusketa eta tailer antolatu baitzituen. Margolanak ez ezik, eskultura arloa ere jorratu zuen, eta berak egina da, besteak beste, CAF lantokiaren atarian dagoen Amiantorenei eskultura, egilearen lanik kuttunenetako bat. Ordizian jokatu ohi den Gipuzkoako Aurresku Txapelketako garaikurra ere berak egidankoa da. Pintura eta eskultura eskola gidatu du Ordiziako barrena jauregian 90. hamarkadaz geroztik. Goierriko Artisten Topaketan eta Ehunate proiektu kolektiboan ere parte hartutakoa da. Goiart sariketako eta Beasaingo Aterpe pintura lehiaketako epaimahaikide ere izana da.
Bihar egingo diote azken agurra senide eta lagunek, 19:00etan, Ordiziako Barrena Kultur Etxean egingo duten ekitaldian. Epeldek hainbat erakusketa egin ditu bertan, eta jauregia bere garapenaren lekuko dela ere esan daiteke, 1991n, 2001ean eta 2016an erakutsi baititu bere obrak han. Pintura eskolak ere bertan ematen zituen.