Garagardoa nahi beste
Idiazabalgo Areto Futboleko kideek 17. Garagardo Festa antolatu dute. Ostegunetik larunbatera egongo da irekita. 15 garagardo desberdin, jatekoa, kontzertuak eta jolasak egongo dira
Idiazabalgo areto futboleko taldeak Garagardo Festa antolatu du. Bihar 18:00etan irekiko dute eta hurrengo hiru egunetan Zelaa kiroldegian izango dute hitzordua garagardozaleek. Festak 17. edizioa du aurten eta ohi bezala areto futbol taldeak denboraldian zehar dituen gastuei aurre egiteko erabiliko dute festari esker eskuratutako dirua.
Aldaketa nabarmen batekin dator aurtengo Garagardo Festa. Izan ere, ostiralean beharrean ostegunean ekingo diote, eta azken eguna, igandea beharrean, larunbata izango da. Xabier Sanchez klubeko entrenatzaileak argitu du «abuztua izanda, jende ugari oporretan dago oraindik eta aurten proba egitea» izan dela erabakiaren arrazoia.
Eskaintzari dagokionez, 15 garagardo egongo dira aukeran. Tartean Legorretan ekoitzitako Basabe garagardoetako bi barietate. Aurreko urteko prezioak mantendu dituzte: pitxarra 2 euroan, eta garagardoaren prezioa 4 eurokoa izango da. Ohikoa den bezala, jatekoa ere egongo da: ukondoa, solomoa, oilasko hegoak eta beste hainbat plater.
Horrez gain, kontzertuak eta jolasak ere antolatu dituzte eskaintza erakargarriagoa egite aldera. Ostegunean Karea taldeak joko du afal ondoren hasita. Ostiralean, DJ Elorzak girotuko du gaua eta gainera aulki jokoa egingo dute goizaldean. Larunbatean, berriz, Hell Rivers taldearen kontzertua izango da afal ostean eta ondoren DJ Elorza. Goizaldean largero jotzea jolasa egingo dute.
Denboraldiko helburuak
Iazko denboraldia modu «gazi-gozoan» amaitu zutela adierazi du Sanchezek. Izan ere, emaitza oso onak lortzera ohituta daude kluba osatzen duten bi taldeak eta iazkoak ez ziren beste batzuetan bezain onak izan. Dena den, aurtengoari «ilusioz» helduko diotela esan du eta «emaitzak hobetzea» izango da helburua.