Itsasoko udal batzorde kudeatzaile berria eratu dute abuztuan
Udal batzorde kudeatzaile berria eratzeko ekitaldia egin zuten abuztuaren 5ean, Itsason. Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatutako bost kideak honakoak dira: Gorka Sasieta, Anttoni Okariz, Maria Isabel Olanga, Kaietano Iraeta eta Olatz Iza.
Ekitaldian udaleko idazkari Martin Iparragirreren aurrean adineko mahaia osatu zuten eta Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak uztailaren 30ean eginiko bilkuran hartutako erabakiaren arabera, batzorde berria eratu zuten.
Aurreikusi bezala, batzorde kudeatzaileko kideek Gorka Sasieta aukeratu zuten Batzordeko Lehendakari hurrengo lau urterako eta hark beteko ditu alkate funtzioak.
Maiatzeko udal hauteskundeen aurretik batzordea aukeratzeko bozketa egin zuten Itsason. Orduko emaitzek emandakotik eratu dute batzordea. Aldundiak 2016. urteko amaieran Foru Dekretua indarrean jarri zuen eta udalerri izaera aitortu zion. Artean, Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain daude eskubide osoak egikaritzeko.













