Rodrigo Ruiz zumarragarrak 'Requiem al cielo' suspense nobela argitaratu du
Protagonistak parlamentari abertzale baten alaba eta guardia zibila izan nahi duen gazte bat dira. Istorioa Irurtzunen lekutu du. Harrera ona izan du eta beste bat eskatzen ari zaizkio
Rodrigo Ruiz zumarragarrak Requiem al cielo nobela argitaratu du. Bere lehen liburua da. Suspense eta intriga istorio bat da eta depresioa, gorrotoa, emakumeen aurkako indarkeria eta desadostasun politikoak lantzen ditu, besteak beste.
Protagonistak Irurtzunen bizi den parlamentari abertzale baten alaba eta guardia zibila izan nahi duen gazte bat dira. Bi gazteak maitemindu egingo dira eta horrek hainbat gertakari eragingo ditu.
Ruizek gai korapilatsuak hautatu ditu bere lehen nobelarako. Ausarta izan da. «Istorio hau aspaldian nuen buruan. Liburua idatzi nahi nuen, baina nire asmoa ez zen argitaratzea».
Olaberriko ArcelorMittal enpresan lan egiten du eta liburua gauez idatzi du. «Emazteak gauez lan egiten du eta liburua alabak oheratu ondoren idatzi dut. Ez nekien buruan nuena paperean islatzeko gai izango nintzen. Lehen hamabost orrialdeak idatzi nituenean, emazteari erakutsi nizkion. Irakurtzea gustatzen zaio eta ez zegoela gaizki esan zuen. Jarraitzeko esan zidan. Emazteak istorioari buruz galdetzen zidan, baina ez nion ezer esaten. Bukatu nuenean, liburu atsegina eta irakurterraza zela esan zidan. Argitaletxeetara bidaltzea aholkatu zidan».
Bi argitaletxetara bidali zuen eta biek liburua argitaratzea eskaini zioten. «Nire helburua ondo pasatzea eta nire alabei liburu bat eskaintzea zen. Bi argitaletxeek baiezkoa eman zidatenean sekulako ezustekoa hartu nuen. Autografia argitaletxea aukeratu nuen».
Ez du aurkezpenik egingo. «Argitaletxekoek liburua aurkezteko eskatu zidaten, baina lotsatia naiz eta ez dut aurkezpenik egin nahi. Liburua gozatzeko idatzi dut eta ez ditut gustukoak ez ditudan gauzak egin nahi».
Ez du aurkezpenik behar izan liburua ezagutzera emateko. Dagoeneko herritar askok irakurri dute. «Liburu dezente saldu dira jada. Jendeak gustatu egin zaiola esan dit. Laino batean nago». Liburua Interneten (El Corte Ingles, La Casa del Libro eta Libros CC) eta Zumarragako Aresti liburu dendan eros daiteke.
Ez du beste liburu bat idazteko asmorik. «Margotzea gustatu zait beti. Mutikotan Felix Vaquerizaren eskolara joan nintzen eta ondoren Arte Ederretako eskolara. Alabak jaio zirenean margotzeari utzi nion. Koxkortu direnean, aspalditik buruan nuen istorioa idaztea erabaki dut. Jendeak beste liburu bat idazteko eskatu dit, baina oraingoz ez dut beste istoriorik buruan».