Mercadona Goierrin sartuko da, Lazkaon supermerkatu bat ezarrita
Hiribarren kalean 3.500 metro koadroko supermerkatua eraikiko du. Behe solairuan 148ko aparkalekua izango du; goian, denda. Irekiera eta eraikitze baimena eskatu du
Mercadona supermerkatu kate valentziarrak azalera handiko denda bat jarriko du Goierrin. Lazkaon kokatuko du 3.500 metro koadroko supermerkatua, eskualdeko beste zenbait herritan ere kokaguneak aztertu ondoren. Tramitazio fasean dago.
Lazkaon, Beasain aldetiko sarreran jarriko dute Mercadona, Hiribarren kalean (Azkarreko zuzengunea). Atenciones Metalurgicas Urbasa enpresaren orubea hartuko du, uztailean jendaurrean ikusgai egon zen proiektuaren arabera.
Beheko solairuak 3.526,23 metro koadro eraikiak eta 3.480,72 erabilgarri izango ditu. Bezeroentzat 148 tokiko aparkalekua egokituko dute han. Lehen solairuan, berriz, supermerkatua egongo da, 3.335,57 metro eraiki eta 3.167,48 erabilgarriko azaleran. Biltegia (barruan etxerako zerbitzua duela), ogia eta prestatutako jakiak egiteko obradoreak, hozkailuak, bulegoak eta komunak ere goian jarriko dituzte.
Eskailera bat, igogailua eta bi arranpa mekanikok lotuko dituzte aparkalekua eta haren gaineko supermerkatua.
Aztertze fasean udalean
Mercadonak supermerkatua eraikitzeko aurkeztutako proiektuaren espedienteari uztailaren 15ean eman zion hasiera Lazkaoko Udalak. Uztailaren 26an argitaratu zuen baimen eskaeren iragarkia, eta 15 egunean egon zen jendaurrean ikusgai.
Epe horretan, hainbat alegazio jaso ditu. Herriko merkatarien Lazkaon elkartea Mercadonaren irekieraren aurka agertu da, eta EH Bilduk ere bat egin du aurkako sinadura bilketarekin.
Udalak, bere aldetik, 2017ko apirileko osoko bilkuran Arau Subsidiarioen aldaketa puntual batekin ahalbidetu zuen Lazkaoko industrialdeetan 2.000 koadro baino gehiagoko aktibitate komertzialak jarri ahal izatea. Lehenago Arauek ez zuten erabat zehazten: fitxa partikularren gain uzten zuen gaia, baina, aldi berean, fitxetan ez zen azaltzen. Araua aldatuta, industria guneetan 2.000 metrotik gorako merkataritza-aktibitatea ezartzeko bidea garbi geratu zen.
Behin alegazio-epea igarota, orain udalaren esku dago supermerkatuaren eta aparkaleku gehigarriaren irekitze-baimena eta obra-baimena aztertzea.
2014an hasitako ‘konkista’
Mercadona kateak 29 supermerkatu ditu Euskal Herrian: 11 Nafarroan, 8 Bizkaian eta 5na Gipuzkoan eta Araban. Gasteizen bloke logistiko deritzoten biltegi-banaketa zentro bat ere badu. 2019an beste bi irekiko ditu. Prezio merkeagoak ditu ikur.
EAEko lehen denda 2014ko urrian ireki zuen. Ia estatu-afera gisa aurkeztu zuten hedabide espainiarrek, «Espainiako lurralde guztietara» eta «Eroski lurraldera» iritsi zela nabarmenduz, «desenbarko» harekin «Espainiako 50 probintziak konkistatuta».
Sinadura bilketa abiatu du Lazkaon merkatari elkarteak
Lazkaoko merkatarien Lazkaon elkarteak abuztuaren 1ean bertan iragarri zuen herrian Mercadonaren supermerkatua irekitzearen aurkako ekimena. Sinadurak biltzen aritu ziren, herriko nahiz Beasaingo denda eta tabernetan jarritako orrien bitartez, alegazioari eransteko.
Goierrin lehendik «nahikoa» supermerkatu badaudela, eta beste bat ez dela behar azaldu dute Lazkaoneko ordezkariek. Horrez gain, azalera handiko saltokien ereduaz gaindi, bertako merkataritzaren balioak lehenesteko eskatu dute.