Artzain eguna ospatu da Legazpin
Ardiak eta gazta izan dira protagonista Gipuzkoako Artzain egunean. Elgoibarko Mausitxak irabazi du Gipuzkoako Artzai Gaztaren 35. gazta lehiaketa.

2019ko Gipuzkoako Artzain Egun jendetsua ospatu da gaur Legazpin. Bertan, hainbat baserrietan egindako gaztak dastatzeko aukera eta artzainen lana gertuagotik ezagutzeko erakustaldiak egin dira. Besteak beste, ardi mozte erakusketa eta artzain txakur trebatze saioa egin dute hauek goiz osoan zehar.
Gazta eta bestelako nekazaritza elikagaien salmenta ez ezik, Euskal Herriko Latxa arrazako ardi eta ahari erakusketa egon da. Gainera, sagardoaz gozatzeko aukera ere izan dute gerturatu direnek.
Eguraldia alde izanik, zahar zein gazte, guztiek gozatu ahal izan dute artzaintzaz. Honez gain, artisauak lanean ikusteko aukera ere egon da. Bestalde, Elustondo anai arrebak eta Legazpiko Musika bandak girotu dute Euskal Herria plaza.
OMENALDIA
Behin erakustaldiak amaitutakoan, omenaldien txanda iritsi da.
Omenduen artean, 300 buru inguruko artaldea izatera iritsi ziren Barrena baserriko Ignacio Artano eta Agustina Otaegi, Ameriketan artzaintzan aritutako hiru anai euskaldun eta artzaintzaren alde egindako lanagatik, Feli Arrese izan dira protagonistak.
SARI BANAKETA
Aurten, Gipuzkoako Artzai Gaztaren 35. lehiaketa burutu da. Epaimahaikideek gazta dastatzen jardun eta haietatik hoberena zein izan den erabaki dute. Lehenengo hamarrak Euskal Herriko txapelketarako sailkatu dira. Lehiaketa Elgoibarko Mausitxa gaztandegiak irabazi du. Bigarren postuan berriz, Mutrikuko Goienetxe baserria geratu da. Eta sailkapenean, hirugarrena, Legazpin kokatzen den Makatza gaztandegiko Aitor Mantxola izan da. Gainera, haurrek ere haien gazta gustukoena saritu dute, kasu honetan, Patxi Otaegik egindako gazta aukeratuz.
















