«Hogeita hamasei urte egon nintzen takoa egiten, obedientziaz»
Zegamatik harrikada bide Arantzazura, eta haraxe egin zuen Jose Luis Zurutuza Arregik (Zegama, 1935). Frantziskotarra, musika ikasketak egin eta bertako organista izan zen hogeita hamar urtean. Aldi berean, eskolak ere ematen zituen eta, halako batean, egutegia egiteko ardura hartu zuen.
Jose Luis Zurutuza (Zegama, 1935) organista eta fraide frantziskotarrarekin egindako elkarrizketa argitaratu du Berria egunkariak. Urte askoan, bera izan da Arantzazuko egutegia edo ‘takoa’ egiteko ardura izan duena. Hona elkarrizketako pasarte batzuk:
Izen ponposoa du: «Arantzazuko Andre Mariaren Egutegia». Haatik, «takoa» esaten diote, eta ez da bart arratseko asmakaria…
Aita Garate azkoitiarra egiten hasi zen egutegi hori, 1947an! Bateko eta besteko fraide ikasleei zerbait idazteko eskatzen zien. Erriberriko gure eskolan ari zirenei, esate baterako. Haiei testuak eskatu, eta bere moduko testuak bidaltzen zizkioten; ahal zutena. Arantzazun bertan, berriz, baziren Teologia ikasten ari zirenak, fundamentu handiagoa zutenak, eta haiekin hasi zen. Nik aita Garateren bidea eta haren ondorengoena segitu nuen.Zer dela-eta ekin zion Aita Garate hark, eta Arantzazuko frantziskotar komunitateak, Ama Birjinaren egutegia ateratzeari?
Gerrakoan, Arantzazu bakearen argia bezala izan zen. Asko sufritu zuen hemen jendeak. Gure aita bera, hiru urte egon zen kartzelan. Epaitu zuten, eta 30 urteko kartzela zigorra agindu zioten, «gerran modu aktiboan parte hartzeagatik eta ezkerreko ideiak izateagatik». Gerrak gogor makilatu zuen jendea, kartzela, atxilotzeak. Bake giroa sortzeko, berriz, Arantzazuko Ama Birjinaren Egutegia egitea pentsatu zuten hemengo fraideek. Sufritzen ari zen jendea laguntzea zen asmoa, bakea ematea. Izan ere, gerra ez zen bakarrik gerrako garaia izan, gerra garaia eta ondokoa baizik! Bakea zabaldu nahi zuen egutegiak, eta, horrekin batera, euskara bultzatu. Badakigu Francok euskarari zenbat «lagundu» zion! Francostain zen hura…
Elkarrizketa osoa Berria egunkariaren webgunean dago irakurgai