Martzelino Agirre segurarrak irabazi du Brinkolako bola txapelketa
Legazpiko auzoko San Agustin festen barruan jokatu den bola txapelketaren lehen saria Segurara joan da, Martzelino Agirrek irabazita. Tokako sari nagusia, berriz, Brinkolan bertan geratu da emakumezkoetan, Goreti Pintoren eskuetan; gizonezkoena Gabiriako Felix Maizek irabazi du.
Bola eta toka txapelketak ezinbesteko osagaiak izaten dira ospatu berri diren Brinkolako San Agustin jaietan, eta horren lekuko aurtengo bi ekinaldiek izan duten arrakasta partaide aldetik. Beste urteetan bi ekinaldi egiten badira ere, aurten bakarra izan da, larunbat arratsaldean, festak ere ohi baino laburragoak izan dira eta.
Bolatan, Martzelino Agirre segurarra izan da irabazlea, eta bigarrena Gabiriako Patxi Ormazabal gaztea. Auzoko saria, berriz, , Andres Beainek irabazi du.
Tokan, emakumezkoen saria Brinkolan bertan geratu da, Goreti Pintok irabazita. Gizonezkoetan, Gabiriako Felix Maizek irabazi du, eta auzoko onenaren saria Pepe Segadek eraman du.
Izan da txapelketa gehiagorik Brinkolan San Agustin jai hauetan, sona handikoak horiek ere auzotarren eta bisitarien artean. Hala, tortilla patata lehiaketa Pruden Agirre eta Nati Madinabeitia ama-alabak irabazi dute, eta txerri harrapaketa –iaztik ez da animalirik erabiltzen– Kerman Olaizolak irabazi du.