Axari Trail lasterketak erabakiko du Goierri Kopa
Igandean jokatuko da Idiazabalen Axari Trail lasterketaren zazpigarrena. Gaur arratsaldean, Silvia Triguerosi buruzko dokumentala ikusi ahalko da udaletxean
Axari Trail lasterketan parte hartzeko izen-emate epea atzo itxi zuten. Igandean, hilaren 8an egingo da, Idiazabalen. Bertan jokatuko dira, gainera, Goierriko Kopa eta Ligako seigarren probak. Mutilen artean Aritz Egea urretxuarra da faborito nagusia. Hassan Ait Chao, udan izandako lesioa sendatuta, Idiazabalen izango da igandean. Bera ere faboritoen artean dago. Nesken artean, Laida Elizegi zaldibiarra da irabazteko aukerak dituenetako bat. Iazko lasterketan bigarren egin zuen. Hirugarren sailkatu zen Maud Combarieu ere Idiazabalen izango da. Maila handiko lasterkariak ikusi ahalko dira beraz. Pasa den urteko irabazleek udan izandako konpromiso kopuru handiagatik aurtengoan parte hartuko ez dutela baieztatu dute.
Antolakuntzak izen-emate epea atzo itxi zuen. Lasterketaren antolakuntzan dabilen Aimar Lizarazuk atzo eguerdian emandako datuen arabera, «399 pertsona» zeuden izena emanda. Iazko kopuruetan dabiltza beraz, 410 izen-emate egon baitziren aurrekoan. Aurten lasterketa luzeko izen-emateek behera egin dute eta proba laburrekoek, berriz, gora. Antolakuntza «pozik» dago izen-emate epea isteko ordu batzuen faltan azken urteetako lasterkari kopurua mantenduko dela baieztatzeko moduan zeudelako.
Nabarmentzekoa da gaztetxoen lasterketak izango duen parte hartzea. Kadete mailan «30 pertsona» zeuden izena emanda atzo eguerdian.
Bestalde, lasterketaren ondoren herri bazkaria egingo dute. Txartelak salgai daude Izpar dendan 4 euroan.
Ibilbidea, berdina
Lasterkariak 09:30ean abiatuko dira herriko plazatik eta helmuga ere toki berean kokatuko da. Proba luzeak 25,4 kilometroko luzera izango du eta 1.550 metro positibo. Proba laburrak, berriz, 16 kilometro luze eta 750 metro gora.
Dortsalak larunbatean 17:00etatik 20:00etara eta igandean 07:30etik 09:00etara banatuko dituzte udaletxean.