Elixabet Mendiak margo erakusketa irekiko du bihar Zumarragan
Azken urteetan egindako akuarelak jarriko ditu ikusgai. Inaugurazio ekitaldia 19:00etan izango da eta margolanak hilaren 15era arte egongo dira kultur etxean
Elixabet Mendia margolariak akuarela erakusketa irekiko du bihar, 19:00etan, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Margolanak hilaren 15era arte egongo dira bertan. Erakusketa aretoa 17:30etik 20:30era irekitzen dute astelehenetik ostiralera eta 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era larunbat eta igandetan.
Mendia amaren eskutik zaletu zen. «Amaren familiak eskulanetarako trebezia du. 11 urterekin Felix Vaquerizaren eskolara jo nuen eta ordutik ez diot ikasteari utzi. Nire denbora librean margotzea eta margotzen ikastea gustatzen zait. Ez nuen Arte Ederrak ikasi, baina ikastaro asko egin ditut. Ahal ditudan guztiak. Zure buruari erronkak jarri behar dizkiozu».
Duela hiru urte akuarela ikastaro batean izena eman zuen. «Ez nuen topatzen non ikasi, akuarela irakasle gutxi baitaude. Izan ere, teknika zailena da. Arrasateko margo taldean sartzea lortu nuen eta han ikasi dut dakidan guztia».
Akuarelekin margotzea ez da batere erraza. «Olioarekin margotzera ohituta nago. Kalean margotzea gustatzen zait, hasi eta bukatu. Akuarelarekin, berriz, oso ondo pentsatu behar da. Urak bere bidea egiten du eta ez dago egindakoa konpontzerik: gaizki egindakoa gaizki gelditzen da. Baina arina da: lau tramankulurekin edozein tokitara joan zaitezke margotzera».
Zumarragako erakusketan kostaldean margotutako koadroak ikusi ahal izango dira, batez ere. «Udan margotzeko denbora gehiago dut. Gainera, aire librean margotzea gustatzen zait. Aurtengo udan San Vicente de la Barqueran egon naiz eta iaz Arcachon-en. Zumaian, Hendaian, Plentzian… margotutako koadroak ere ikusi ahal izango dira. Zumarragan eta Urretxun margotutako lanak ere jarriko ditut. Bestalde, koadroetan pertsona asko sartu ditut. Izan ere, azken urteetan Josu Marotoren giza irudi ikastaroetan parte hartu dut».
Etorkizunera begira, ikasten jarraitu nahi du. «Margo akrilikoekin margotzen ere ikasi nahi dut. Gauza asko ditut ikasteko oraindik. Nire amak esmalteak egin izan ditu eta hori ere ikasi nahi dut. Zerrenda luzea dut. Arte plastikoetan, aukera oso zabala da. Gaur egun ordenagailuarekin ere lan egin daiteke. Dena den, niri ez zait gustatzen. Emaitzak harrigarriak dira, baina nik pintzela behar dut».
Toki guztietara pintzelak eramaten ditu, baina horrek ez dio etxekoekin arazorik sortzen. «Senarrak eta biok asko bidaiatu dugu. Bere zaletasuna bizikletan ibiltzea da eta nirea margotzea eta bidaietan biok gure zaletasunak lantzeko aukera dugu. San Vicente de la Barqueran goizero astoarekin irten naiz etxetik. Niretzat oporrez gozatzea margotzea da».