Euskal Errugbi Liga larunbatean erabakiko da, Altamiran
Baionako Aviron, Miarritzeko Olympique, Angelu eta Ordizia ariko dira nor baino nor, bi partidatan. ETB1ek zuzenean eskainiko du talde baionarren arteko derbia.
Euro Basque Rugby Challenge – Euskal Errugbi Ligako azken saioa jokatuko dute larunbatean, Ordiziako Altamira estadioan. Baionako Aviron, Miarritzeko Olympique, Angelu eta Ordizia ariko dira aurrez aurre. Aurreneko partida 12:00etan jokatuko dute, Aviron eta Olympique taldeen artean; bigarrenean berriz, 16:00etan, Angelu eta Ordizia lehiatuko dira. ETBk zuzenean eskainiko du bi talde baionarren arteko derbia (12:00). Antolatzaileen arabera, “euskal errugbiaren jai handi bat” izango da, eta zaleei bertara gerturatzeko deia egin diete.
Bi partida jokatuko dituzte, eta horien eta aurreko jardunaldiko partiden emaitzak kontuan hartuta erabakiko da nor den ligaren irabazlea. Hasera batean, irabazlea final bakarrean erabakitzea zen, baina sailkapeneko parekotasuna dela eta, eta Miarritzeko G-7 gailurraren ondorioz hiru partida bertan behera gelditu eta gero, azken jardunaldia formatu honetan jokatzea erabaki dute.
Guztira zazpi euskal taldek parte hartu dute lehen errugbi liga honetan, hegoaldeko lauk (Hernani, Getxo, Bera eta Ordizia) eta iparraldeko hiruk (Baiona, Angelu eta Miarritze). Mugaz gaindiko proiektu hori Eusko Jaurlaritzak eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak bultzatu dute, hiru eremuetako errugbi federazioekin batera. Antolatzaileen asmoa, proiektu hori finkatzea eta “datozen urteetan lehiaketa zenbait hilabetez luzatzea” da.