Goierriko turismo datuek marka guztiak gainditu dituzte
Goierri behean dauden bederatzi turismo bulegoetatik 16.684 pertsona pasa dira azken hilabeteetan. Komertzializazio lanaren eragina aipatu dute Goiturreko arduradunek
Goierriko turismo datuek «errekorrak gainditu» dituzte. Hori da Goierriko Turismo Bulegoak, jasotakoa. 2019ko udan iaz baino turista eta bisitari gehiago pasa dira Goierriko turismo bulegoetatik. Niko Osinalde, Goiturreko kudeatzailea, «pozik» agertu da azken urteotako igoera joera mantendu delako.
Ataun, Beasain, Idiazabal, Lizarrusti, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zegama eta Zeraindik 16.684 pertsona pasa dira uztaila eta abuztuan: 9.236 pertsona uztailean eta 7.448 pertsona abuztuan, iaz baino % 5,8 gehiago. Goiturretik zehaztu duten moduan «turismo bulegoetan jasotako datuak dira». Turistek, alojamenduetan eta Goiturren webgunearen bidez aurkitu dute batez ere Goierriri buruzko beharrezko informazio guztia. Abuztuan bakarrik, «18.860 gaualdi izan dira», iaz baino «gehiago» eta gainera «ohe kopuru berdina mantendu dela hartu behar da kontuan».
Goiturrek udaro kontuan hartzen dituen neurgailu guztietan gorakada egon da; «uztailean eta abuztuan bisitari gehiago, logelen okupazio altuagoa, nazio edo lurralde gehiagotatik etorritako turistak, ‘call center’-ean jasotako dei gehiago eta antolaturiko bisita berezien harrera bikaina» izan dela nabarmendu dute.
Katalanak batez ere
Beste behin ere, Kataluniatik etorritako turistak dira kopuru handiena. Bigarren posturako Valentziar erkidegoaren eta Madrilen arteko borroka egon da. Dena den, Ceuta eta Melilla kenduta, Espainiako erkidego guztietako turistak pasa dira Goierritik azken hilabeteetan. Andaluziatik etorritako turistek ere nabarmen egin dute gora.
Espaniar estatutik etorritakoez gain, atzerritik iritsitako turisten kopurua ere «oso ona» izan da. Frantziatik, Alemaniatik, Herbehereetatik eta Estatu Batuetatik etorri dira, batez ere.
Goierri behean igarotako gau kopuruari dagokionez, egonaldien iazko bataz bestekoa mantendu egin da orokorrean, eta 4-5 egun igaro dituzte Goierrin kanpotarrek. Dena den, 7-8 egun bitarteko egonaldiak ere izan dira.
Komertzializazioa indartsu
Turismoaren goranzko joera horretan, «komertzializazioak» duen garrantzian azpimarra egin du Goiturrek. Azken urteotan «izugarrizko lana egin dugu Goierri bidai agentzia eta eragileen aurrean ‘saltzen’». Donostian, Bilbon, Madrilen Bartzelonan, Londresen, Lisboan, Berlinen eta Estatu Batuetan aurkezpenak egin, eragileekin bilerak egin eta materiala banatzen aritu dira, besteak beste.
Urte osoan egindako lan guztiak fruitua eman du. «Hitzarmenei esker etorritako taldeak ugaldu egin dira». Turista talde horiek udako balantzean jasota ez daudela argitu dute, «talde horiek zuzenean beraien gida turistikoekin etortzen baitira turismo bulegoetatik pasa beharrik izan gabe».