Gurutze auzoko festak 'Gure kultura' gaipean ospatuko dituzte
Lazkaoko 'dorreetako auzunean' ostiral arratsean hasiko dira jaiak. Kontzertuak, paella jana eta auzotarren arteko jolasak dira ekitaldi nabarmenak. Hiru egun dira
Lazkaoko Gurutze auzunean bosgarren urtez jarraian festak izango dituzte, iraileko lehenengo asteburuan. Ostiral iluntzetik igandera arteko egitaraua prestatu du auzoko jai batzordeak. Beste behin, ekitaldi ugari izango dira, mota guztietakoak. Aldiko gai jakin bati tokia egiteko duten ohiturarekin jarraituz, euskal kulturari eta ohiturei jarri diete arreta aurten, Gure kultura lelopean.
Hala, txupinazoa mitologiako pertsonaiek botako dute. «Ataungo hiru pertsonaia mitologiko etorriko dira: Tartalo, Martintxiki eta Marimunduko. Aurtengo gaiarekin lotuta, eta Ataungoak izanda, txupinazoa botatzeko gonbita egin genien, eta onartu dute», azaldu du Gurutzeko festen antolakuntza taldeko Xabier Martinek.
Egitaraua urteroko antzekoa izango da, «gaian sartutakoa». Paella jana izango da auzotarrak elkartzeko bilgune jendetsuenetakoa. «Aurten arte guk prestatu izan dugu paella. Baina lan asko izaten dugunez, gauza batzuk gainetik kendu ditugu. Hernaniko catering enpresa batek emango du bazkaria». 400 bat lagun elkartzen dira urtero. Atzo zen izena emateko azkeneko eguna.
Bestetik, eta Agauntza erreka auzotik igarotzen denez, Estropatada jolasa ere egingo dute. Plastikozko ahateak 6. dorrearen parean askatuko dituzte, eta 2.aren parera lehenengo iristen dena izango da irabazle. Lehen, bigarren eta hirugarrenarentzat sariak egongo dira.
Larunbatean ikuskizuna
Festa polita jarriko dute zapatuan. Toka2 La Polla taldeak joko du, eta gauean Bocabeats ariko da, ikuskizun komiko puntua eskainiko duena. Larunbat gaua amaitzeko, Raul Arribas jarriko da DJ lanean. ETB2ko Conquistador del fin del mundo irabazi zuen 2006an, 2. edizioan. Ostiralean ere hiru taldek joko dute.
Nahiz eta programan iragarrita ez dagoen, larunbat arratsaldean ikuskizun berezia egingo dute. Conquis-eko sei-zazpi lehiakide ohi etorriko dira Gurutzera, eta proba batzuk egingo dituzte taldeka, gymkana erakoak. «Talde bat antolatzaileek osatuko dugu, Conquisekoek beste bat, eta paella bazkarikoekin hirugarrena», azaldu du Martinek.
EGITARAUA
Ostirala
- 19:00. Txupinazoa, Ataungo pertsonaia mitologikoekin.
- 19:30. Buruhandiak, eta poteoa Jundajo txarangak alaituta.
- 22:30. Kontzertuak: Adiktos al Kaos, Gtzk, Perro Kon Asma.
Larunbata
- 11:30. Haurren lasterketa.
- 14:30. Bazkaria: paella jana. Txartelak (8 euro) Iratxo, Gurutze, Koxkor eta Itzala tabernetan salgai.
- 16:00. Mus txapelketa.
- 16:00. Haurrentzat jolasak.
- 17:00. Apar festa.
- 17:30. ‘Estropatada’ jolasa. Ahateak txosnan salduko dituzte.
- 18:00. Bingoa eta txokolate jana, Hirigoiengo eskolan.
- 19:00. Kontzertua: Tokan 2 La Polla.
- 22:30. Bocabeats bikotearen bakarrizketa saioa.
- 00:30. Musika.
Igandea
- 10:00. Haurren futbito txapelketako finala.
- 12:00. Ezkonduen eta ezkongabeen arteko futbol partida.
- 13:00. Patata-tortilla lehiaketa, Lazkao Txiki Musika Eskolako trikitilariek alaituta.
- 17:00. Toka txapelketa.
- 17:30. Sokatira txapelketa.
- 18:00. Lehiaketetako (futbitoa, sokatira…) sari banaketa.