Rafael Sterling da Irizar Taldeko zuzendari nagusi berria
Jose Manuel Orcasitasek zuzendaritzan utzitako tokia hartuko du Sterlingek. Taldearen nazioarteko negozio arloko zuzendaria izan da orain arte.
Aldaketa garaia dator Irizar Taldean. Hamar urteren ondoren, Jose Manuel Orcasitasek Irizar Taldeko Zuzendari Nagusi postua utziko du, bere ibilbide profesionalari bukaera emanez. Haren tokia Rafael Sterling ingeniariak hartuko du. Gertuko pertsona da, Irizar Taldeko nazioarteko negozioen zuzendari izan baita orain arte.
Rafael Sterling 1975ean jaio zen. Telekomunikazioan goi mailako ingeniaritza ikasketak egin zituen EHUn, eta MBA Exective masterra Deusoko Unibertsitatean. Irizar taldea ondo ezagutzen du, International Business Director kargua bete baitu azken urteetan. Ezkonduta dago eta hiru seme-alabaren aita da.
“Bilakaera sakona”
Azken urteetan Irizarrek “bilakaera sakona” izan du, “industrialki eta geografikoki dibertsifikatutako enpresa talde” bihurtu baita. Bere jarduna sei negozio arlotan gauzatzen du: bidaiarien garraioa, elektromugikortasuna, elektronika, motor eta sorgailu elektrikoak, konektibitatea eta energia. Gaur gaurkoz, taldeak 7 marka ditu: Irizar, Irizar e-mobility, Alconza, Datik, Hispacold, Masats eta Jema, eta haien jarduna 13 lantegitan garatzen dute, tartean Maroko, Brasil, Mexiko eta Hegoafrikan. Langileei dagokionean, “etorkizuneko estrategiarekin erabat konprometitutako eta identifikatutako 3.350 pertsonak” osatzen dute taldea. 2018an, 750 milioi euroko fakturazio bolumena izan dute. Horrenbestez, “egoera finantziero sendoarekin” beteko du Irizarrek 130. urteurrena.
Irizar Taldeak “arrakasta profesionalik handienak” opa dizkio zuzendari berriari, eta azken urteetako “sendotasun eta hazkunde ibilbideari jarraipena” ematea espero dute. “Alboan izango ditu bezeroekin, gizartearekin eta gainerako kolaboratzaileekin konprometitutako lantaldeak”. Haiek ere “balio erantsia ematen” saiatuko dira etorkizuneko arlo funtsezkoetan: marka, teknologia eta iraunkortasuna, alegia.