'Tor' dokumentala gaur, Axari Trail girotzeko
Silvia Trigueros mendi lasterkariak Tor des Geants ultratrailean egindako lasterketa dokumental batean jaso dute Urresti anaiek. Gaur emango dute, udaletxean.
Igandean jokatuko dute Idiazabalen Axari Trail proba, Goierri Trail Kopako azken lasterketa, 25,4 eta 16 kilometroko ibilbideekin. Aurretik ordea, girotzeko ekitaldi bat ere antolatu dute, Tor dokumentala eskainiko baitute gaur iluntzean. Emanaldia 19:00etan izango da, Idiazabalgo udaletxeko areto nagusian.
Mikel eta Iñaki Urresti anaiek zuzendutako filmak, Silvia Triguerosek Tor des Geants ultratrailean egindako lasterketa kontatzen du. 330 kilometroko ibilbidea eta 24.000 metroko desnibela du, tartean 3.000 metrotik gorako puntuak ere harrapatuz. Triguerosek hiru aldiz parte hartu du bertan, aurrenekoan 5. bukatu zuen, bigarren saioan bigarren, eta hirugarren ahaleginean, 43 urterekin, proba irabaztea lortu zuen. Abentura hori jaso dute hainbat sari eta aipamen jaso dituen dokumentalean.