Dantzariak eta festa, Igartzara bueltan
Igartzako Dantzarien Kofradiaren emanaldia eta mozorrotutako auzo afaria izango dituzte larunbatean. Herri kirol jaialdiarekin amaituko da egitaraua, igandean.
Festa asteburu bete-betea izango da Igartza auzoan. Igartzako auzotarrekin batera, Igartzako Dantzarien Kofradiak, Beasaingo Gaztetxeak eta Eki Tattook hiru egunetarako egitarau oparoa osatu dute. Beste behin ere, Loinatz futbol zelaiko aparkalekua festa gune bilakatu dute, eta bihar, 17:00etatik aurrera, martxan jarriko dituzte barrakak. 17:30ean danbatekoa bota eta buruhandien kalejiraren ondoren, festak ez du etenik izango.
Buruhandiekin korrikaldiak egin ondoren, 18:30ean, Takolo, Pololo eta Elena Madalena pailazoekin gozatzeko aukera izango dute haurrek eta 19:15ean, hamargarren ardo dastaketa egingo dute. Gauean, musikaren txanda izango da, Grasso, Eskean Kris eta Unidad Alavesa taldeen jardunarekin.
Gaztetxoen duatloia
Larunbatean, gaztetxoen Igartzako Mendi Duatloia jokatuko da; 10:30ean zabalduko da izena emateko epea. Ondoren, mailaz maila aterako dira kirolariak korrika eta bizikletaz aritzeko helburuarekin: 2014-2016 artean jaiotakoak 11:00etan, 2011-2013 artekoak 11:15ean, 2008-2010 artekoak 11:30ean eta 2004-2007 artekoak 11:50ean. Amaitutakoan, 12:15ean bizikletarekin jarraituz, ginkana izango dute.
Larunbat eguerdian, 12:30ean, bi ekitaldi daude egitarauan finkatuta: Igartzako Dantzarien saioa izango da Igartzako Monumentu Multzoan eta poteoa Juandajo txarangarekin. 13:00etan, apar festa egingo dute.
Mozorrotzeko gaia, itsasoa
Arratsalde partean,16:00etan, 28. mus txapelketa hasiko da eta 16:45ean, 9. patata tortilla lehiaketa; 600 398 668 zenbakira whatsappa bidalita eman behar da izena. 18:00etan, meza eta erromeria egingo dituzte Loinazko ermitan eta 18:30ean, poteoa hasiko da txarangak girotuta. Gauean, 21:30ean, auzo afarian elkartuko dira auzotarrak, mozorrotuta. Itsasoa da aurtengo mozorrotzeko gaia.
Gaueko musikari dagokionean, 22:30ean gaztetxean Sharp Cut eta Txemak taldeak izango dira eta aparkalekuko karpan karaokea eta DJ festa. Goizeko ordu txikietan, 03:00etan, gantzontzilo eta kulero lasterketa egingo dute.
Igandean, herri kirolak
Igandean ere izango da festarako aukera Igartza auzoan. 11:00etan puzgarriak jarriko dituzte txikienentzat eta 12:30ean, trikitipoteoa egingo dute. Elkarrekin bazkaltzeko aukera ere izango dute auzotarrek, paella erraldoiarekin. Bazkalondorenean, 17:00etan txapel jaurtiketa, 17:30ean txingak eta 18:30ean buruhandiak izango dituzte.
Ohi bezala, herri kirol jaialdiarekin amaituko dituzte festak; aurten ere, Iñaki Mujika Arritta-ren eta Manolo Caminoren omenezko saioa izango da. Aizkoran Iñaki Azurmendi arriarandarra eta Xabier Dorronsoro zeraindarra ariko dira, eta harri jasotzen Xabier Aranburu Guzta idiazabaldarra eta Goenatxo.
Igartzako Dantzarien Kofradiako 110 dantzari elkartuko dira larunbatean
Hamahirugarren aldiz elkartuko dira larunbatean Igartzako Dantzarien Kofradiakideak. 110 ezpata-dantzariak eta musikariak, 12:00etan dute hitzordua, Loinazko San Martin plazan. Bandera jaso eta ezpata-dantzaren segizioa egingo dute Igartzako Monumentu Multzoraino. Berrikuntzei dagokienean, aurten, Izaskun Salazarrek aurreratu duenez, «gure Zaldikoaren pertsonaiak bere dantzari-konpartsa propioa aurkeztuko du, hauek dantza berri bat egingo dute lehenengo aldiz: Zumitz-dantza».
Igartzako jauregian egokitutako jantokian babarrun janarekin indarrak hartu ondoren, akta irakurri eta bost urtean behin dominari gehitzen zaizkion zintak banatuko dizkiete 5 edo 10 urte kofradian parte hartu duten dantzariei. Arratsaldean, Igartzako auzoan trikipoteoa egingo dute Izer eta Alabier trikitilariek lagunduta.
Osasuntsu dagoen dantzarien kofradia da Igartzakoa, besteak beste, 16 urtetik gorako belaunaldi desberdinetako dantzariak elkartzen baititu. Salazarren esanetan, «ikaragarria da 110 dantzarik parte hartzea».