«Bizitzan oso garrantzitsuak diren balioak eman dizkit errugbiak»
Bizitza osoa errugbiari lotuta igaro du Arañak. Kirol horrek «gauza asko» eman dizkiola azaldu du, eta jendu, bat ere ez, «gozatu» egiten zuelako. Behe-behetik goraino eraman zuen Ordizia, jokalari gisa lehenengo eta entrenatzaile lanetan gero.
Errugbiaren munduan oso ibilbide arrakastatsua izan du Axio Arañak (Beasain, 1961), baina elkarrizketa osoan ia aipatu ere ez ditu egin bidean lortutako garaipenak. Urte luzez lehenengo Ordizian eta ondoren Iruñean bildutako bizipenak eta ikasitako balioak dira garrantzitsuenak beasaindarrarentzat. Errugbia bere bizitza izan dela azpimarratu du behin eta berriz, eta pasioz eta gogotsu egin duela lan beti. “Ilusio eta gogo handia izaten nuen beti denboraldi hasieran, eta aurrera egiten nuen”.
Nola izan zenuen errugbiaren berri?
Ikasle garaian ezagutu nuen errugbia, 14 urterekin, Beasaingo La Salleko irakasle baten bidez. Ordiziarra zen irakaslea, eta oso gustuko zuen kirola. Hark animatu gintuen probatzera; gustatu egin zitzaidan, eta jarraitu egin nuen.
Beste garai batzuk ziren haiek, ezta?
Hasiera hark ez du zerikusirik gaur egungo Ordizia errugbi taldearekin. Talde bakarra zegoen ni hasi nintzenean, eta guk osatu genuen, lehenengoz, gazte mailako taldea.
Errugbia kirol ezaguna zer orduan?
Bazuen indar apur bat, baina oso kirol baztertua izan da urte askoan. Ordizian bertan ere pertsona bitxiak ginen lokatz artean ibiltzen ginenak. Fundamentuzko zelairik ere ez genuen, eta egoera txarretan jokatu genuen urte askoan. Hasieran Lazkaon, Hernanin ere bai, Trevijanon gero [Ordiziako errugbi zelai zaharra]… Trevijano bertan sortzen zen lokatzagatik izan zen bereziki ezaguna. Oso zaila zen han jokatzea eta taldea haztea. Baina, tira, gogotik lan egin zuen zuzendaritzak, eta pixkanaka lortu genuen bestelako giro bat, inplikazio handiagokoa, eta sendotzen eta handitzen hasi zen taldea; gora begira jarri genuen Ordizia. Oso politak izan ziren Trevijanoko azken urteak.
Trevijanotik Altamirara joan zineten gero.
Kezkatuta ibili ginen, ez genekielako ideia ona zen Altamirara lekualdatzea; izan ere, belar artifiziala dauka Altamirako zelaiak. Baina denborarekin argi gelditu da erabaki ona izan zela, baldintzak hobetu egin direlako.
Hazteko bide horretan ezer gelditu al da atzean?
Giroa hoztu egiten da gora egitean. Jokalari profesionalak ez dira hainbeste inplikatzen klubean eta bakarrik jokatu egiten dute. Nola hobetu, teknika berriak nola barneratu, mugimenduak nola egin… horrelako gauzak izaten dituzte buruan, eta alboratu egiten dituzte harrobiko lana, klubaren nortasuna… Hori ez da gertatzen Ordizian bakarrik: kirol guztietako talde profesional guztietan gertatzen da antzeko zerbait. Logika dauka gertatzen den horrek, baina iruditzen zait zaindu beharreko zerbait dela.
Hirugarren denborak, adibidez. Egiten dira oraindik ere, baina zenbat eta gorago egon, orduan eta zailagoa da partidaren amaieran giro on hori ikustea: taldeak ez dira izaten hain egonkorrak, hizkuntzaren muga hor egoten da askotan, eta luzeak izaten dira itzulerako bidaietako asko; lehen, inguruko taldeen aurka jokatzen genuenez, ezagunagoak ginen denok, eta, etxetik gertuago geundenez, denbora gehiago izaten genuen elkarrekin egoteko. Hala ere, goi mailan zailagoa bada ere, oraindik ere mantentzen da aurkariak ongi zaintzeko kultura hori, eta horri eusteko asmo argia daukagu, noski.
Zer dauka errugbiak hainbeste lotzeko?
Zaila da azaltzen. Uste dut beste kirolari askori gertatzen zaiena gertatu zitzaidala niri ere: talde giro hori, konpromisoa… Denok lotzen gaitu horrek. Klubetan inplikatzen den jende asko dago, eta horiek gogotik lan egin dute urte askoan. Kirol gisa, gainera, niri asko gustatzen zait errugbia; kontaktua, lehia, alor fisikoa… Harrapatu egiten zaitu horrek.
Garai bereziak izango ziren zuentzat, ezta?
Oso politak, gazteak ginelako eta ilusio handia genuelako. Dena zen berria guretzat, eta asko ikasi nuen denbora gutxian. Espainiako selekzioarekin joateko aukera ere izan nuen. Jokalari garaian bildutako jakinduria guztiak balio izan dit entrenatzaile izateko, guk ez baikenuen izan bestelako ikasketa handirik.
Oroitzapenei bueltaka hasita, ba al duzu estimu bereziarekin gogoratzen duzun unerik?
Espainiako taldeen aurka jokatzea lortu genuenekoa aipatuko nuke. Ezinezkoa zirudien ametsa egia bihurtzea izan zen Ordizia Espainiako ligako talderik onenen aurka lehian aritzea eta haietako askori partidak irabaztea. Lagunarteko autobuseko bidaiak Zaragozara, Madrilera, Bartzelonara… Oso leku politak ziren errugbian jokatzeko, eta bete egiten ninduten. Urte politak izan ziren, lanaren fruituak jasotzen hasi baikinen. Taldeak, oraindik ere, eusten dio maila horri, eta tradizio handiko taldea bihurtu da jada Ordizia.
Entrenatzaile lanetan aritu zinen gero. Non sentitu zinen gusturago?
Oso ezberdinak dira bi lanak, eta ez daukate zerikusirik, baina biek gogobete naute.
Nola egin zenuen trantsizio lan hori?
Nahiko era naturalean, askorik pentsatu gabe. Lesioen erruz, jokatzeari utzi nion 34 urterekin, baina errugbiari lotuta jarraitzeko gogoa nuen; nire esperientziarekin lagun niezaiekeela sentitzen nuen. Hasieran uste nuen denboraldi bakarra izango zela, bi gehienez ere, baina, gustatzen zitzaidanez, jarraitu egiten nuen, eta urte mordoa etorri zen bata bestearen atzetik. Gozatu egin nuen. Errugbia nire bizitza izan da azkenean. Bizitzan oso garrantzitsuak diren balioak eman dizkit kirol horrek: inplikazioa, lana, sakrifizioa, grina, motibazioa, talde lana… Teknika berriak erakusten baino gehiago, beti saiatu izan naiz nire jokalariei balio horiek erakusten; hori izan da nire indargunea.
«Gora egitean, jokalariak ez dira hainbeste inplikatzen klubeko lanetan. Logikoa da, baina zaindu egin behar da»
«Jokalari garaiko jakinduriak balio izan dit entrenatzaile izateko, guk ez baikenuen izan bestelako ikasketa handirik»
«Nik odolean daramatzat grina eta lehiakortasuna, eta Ordizia talde borrokalaria izatea lortu nuen»
«Ekinbide ona iruditzen zait Euskal Errugbi Liga; zubiak eraikitzen ari garan euskal taldeek elkarrekin jokatzean»
Pasioz hitz egiten duzu errugbiari buruz.
Ezinbestekoa da gogoa eta pasioa izatea. Indartsu eta gogotsu sentitzen nintzen urtez urte, eta, emaitzak onak zirenez, aurrera egiten nuen beti. Gainera, ez pentsa jendea zain zegoenik Ordiziako entrenatzaile izateko. Jokalari beteranoenen ardura izaten zen entrenatzaile kargua hartzea, eta hala hasi nintzen ni ere.
Zaila al da entrenatzaile karguari neurria hartzea?
Garai batean errazagoa zela esango nuke, orain askoz gehiago eskatzen zaiolako entrenatzaileari. Punta-puntako taldea izan nahi baduzu, goi mailako entrenatzailea behar duzu, errugbia bikain ulertzen duen norbait. Gaur egungo entrenatzaileek tresna hobeak dauzkate, hala ere, eta formakuntza ikastaroak ere badaude. Guk buruari eragin behar izaten genion nola hobetu asmatzeko.
Ez da nolanahiko lana izango emozioak pil-pilean dituen talde baten gidari izatea, ezta?
Nik odolean daramatzat grina eta lehiakortasuna, eta Ordizia talde borrokalaria izatea lortu nuen. Askotan pentsatzen dugu jokalariak berezkoa izaten duela hori, baina momentua bizi behar da balio horiek barneratzeko. Talde barruko giroa, gainera, beti izan zen oso ona. Zelaitik kanpo ere bagenuen harremana, eta asteburuero egiten genituen bazkariak eta afariak, elkarrekin kantatzen genuen, autobusean hitz-aspertu luzeak izan ditugu… Lotura bat sortzen du horrek guztiak; giro natural bat. Beti eroso sentitu izan naiz taldekideen artean.
Parez parekoa zen entrenatzailearen eta jokalarien arteko harremana edo jokalarien gainetik zeunden zu?
Norbaitek izan beharra dauka taldeko nagusia, norbaitek eman behar izaten ditu aginduak, baina horrek ez du esan nahi inoren gainetik nengoenik. Beti bizi izan naiz jokalariekin batera, eta bat gehiago nintzen aldagelan. Jokalariei esker, nik ere asko ikasi nuen entrenatzaile lanetan nola hobetu.
Axio entrenatzaileak zein gomendio emango lioke orain lehen pausoak ematen ari zen Axio jokalari hari?
Pazientzia izateko esango nioke. Ez da erraza gora iristea, baina, lanari esker, lortzen da. Diziplina handia behar da hobetu ahal izateko, eta gogotsu eta pasioz lan egin beharra dago.
Zer eman dizu errugbiak urte hauetan guztietan?
Lehen aipatu bezala, nire bizitzako zati handi bat izan da errugbia. Asko eskaini diot kirol horri. Lanorduetatik kanpo, errugbia zen nire bizitza, inguru horretan egin nituen lagunak, eurekin igarotzen nituen asteburuak… Klubean sartuta pasatu izan ditut urteak eta urteak.
Lan ere egiten zenuen, ezta?
Egunero-egunero! Ez nuen zentimorik kobratzen lan horren truke, eta oso harro nago horregatik ere.
Lana, errugbia… Ez al zinen nekatzen?
Ez nuen horretan pentsatzen. Indar betean egoten nintzen denboraldi hasieran, eta ez nuen izaten zalantzarik.
Zerbait kendu al dizu errugbiak?
Ez nuke esango ezer kendu didanik. Ahalegina eskatzen zuen hartutako ardurak, baina asko kostatu gabe egiten nuen lan, gozatu egiten nuelako.
Badituzu errugbiari lotuta jarraitzen duten senideak, ezta?
Nire anaia Aitor, esaterako, jokalari garrantzitsua izan zen Ordizian. Ni entrenatzaile izan nintzen garaian klubeko presidentea izan zen bera, eta taldeek aurrerapauso nabarmena eman zuten orduan. Koinatu batek ere jokatu zuen errugbian, eta seme-alabek ere jokatzen dute orain. Polita da seme-alabak nola hazten ari diren ikustea.
Zuk oraindik ba al daukazu harremanik errugbiarekin?
Ordizia utzi eta hiru urte egin nituen Iruñean, La Unica Rugby taldean. Oso urte onak izan ziren haiek ere, presiorik gabe gozatzeko aukera izan nuelako, lagun giroan. Nafarrak dira nire arbasoak, eta beti eduki izan dut harreman estua Nafarroarekin. Ilusio handiz egin nuen lan. Orain ere gertutik jarraitzen dut errugbiaren egunerokoa, baina ez daukat ohitura handirik harmailetara joateko. Zaldiak dauzkat, hori baita nire beste zaletasunetako bat, eta horiei eskaintzen diet lehen errugbiari eskaintzen nion denboraren zati bat.
Euskal Errugbi Liga sortu dute aurten, Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko taldeak batzeko. Zer iritzi daukazu? Gustuko al duzu?
Ekinbide ona iruditzen zait, baina onartu behar da batzuen eta besteen artean koska handia dagoela. Ordizia, Hernani, Getxo… Hego Euskal Herriko talderik onenetan badaude profesionalak diren jokalari batzuk, baina ez du zerikusirik Baionaren edo Miarritzeren egiturekin. Talde profesionalak dira bi horiek, horrek dakartzan ondorio guztiekin.
Zuek bazeneukaten harremanik Ipar Euskal Herriko taldeekin?
Ipar Euskal Herrian betidanik eduki izan dute guk baino ohitura handiagoa errugbian aritzeko, eta, hain gertu izanda, guk beti begiratu izan dugu hara. Hobetzeko eta ikasteko, beti saiatzen ginen Baionara edo Miarritzera joaten, baina askotan ez gintuzten oso serio hartzen. Lagunarteko partidak antolatu ahal izaten genituen asko jota, eta bigarren taldearekin eta gazte mailako taldeekin agertzen ziren askotan. Eta irabazi egiten ziguten batzuetan, pentsa! Egia esan, maila baxuagoa geneukan guk, eta ulertzekoa zen. Denborarekin, halere, indarrak berdinduz joan ginen, eta urrats garrantzitsua izan zen herri eta talde handiekin lehiatzea.
Naziogintza landu al daiteke errugbiaren bidez?
Bai; argi dago hori. Zubiak eraikitzen ari gara Iparraldeko eta Hegoaldeko taldeek batera jokatzean, eta kanpotik etortzen diren jokalariek ere bertatik bertara ikusten dute hemen beste kultura eta hizkuntza bat dagoela. Ordizia errugbi taldeak jende asko dauka ondoan, eta iristen diren jokalariak erraz barneratzen dira herriaren egunerokoan.