Emaneurre Euskarari Egunarekin hasiko da bihar Euskal Jaietako egitaraua
Irailaren 7tik 15era ospatuko dituzte aurten Ordiziako Euskal Jaiak. Azoka berezia eta 46. Gazta Txapelketa, datorren asteazkenean, hilaren 11n, egingo dituzte,.
Ordiziako Euskal Jaiak gainean dira. Bihar larunbata hasiko dira eta hilaren 15era arte, igandea, luzatuko dira. Azoka berezia eta Idiazabal Gaztaren 46. lehiaketa, datorren asteazkenean egingo dute,hilaren 11n. Betiko moduan, egun osoko festa izango da asteazkenekoa, ganadu, barazki eta fruta erakusketa eta lehiaketak tartean izango direla. Udalak eta Ordiziako talde eragileek, asteazkeneko azokaz aparte, aste osoan zehar izango diren gainontzeko ekitaldiak nabarmendu nahi izan dituzte, izan ere, bihartik hasita egitaraua bete-betea izango da, tartean hainbat berrikuntza.
Ordiziako Euskal Jaiak datorren asteazkeneko azoka bereziaren inguruan osatzen dira. Adur Ezenarro alkateak esan duenez, «gure usadioak eta ohitura zaharrak aldarrikatzen ditugu» egun horietan, «baserritar eta artzainen barazki, gazta, eta abereak, herri-kirolak, eta jantzi tradizionalak, besteak beste». Baina helburua «aurrera egitea» dela ere aipatu du, «gure sustraietan oinarrituta haztea», alegia. Horregatik, aste oso bat hartzen duten Euskal Jaiak «euskal kulturaren hamaika adierazpideren erakusleiho» bilakatu na-hi dituzte.
Udala ekainaren 15ean osatu zenez, Euskal Jaien lanketarako denbora justua izan dute, baina hala izanda ere, hainbat berrikuntzarekin datoz aurtengoak. Kultur arloan nabarmentzeko lau ekitaldi izango dira: Emaneurre Euskarari Eguna, Nogen taldearen kontzertuarekin amaituko dena; asteazkeneko azoka bereziaren egunean arratsaldean Plaza Nagusian egingo den erromeria; Oiangun Baserri ta Rock jaialdia Ordiziarrocken eskutik; eta Euskal Herriko aurresku txapelketa.
Datozen urteetan «antzerkia, literatura eta gainerako arte diziplinetan, euskaratik eta euskaraz sortutako emanaldiak» ekarri nahi dituzte.
Emaneurre Euskarari
Emaneurre Euskarari Egunak irekiko du egitaraua bihar larunbata. 11.00etan hasi eta 13.30a bitarte kuadrillen arteko herri kirol txapelketa jokatuko dute Plaza Nagusian, euskara eta herri kirolak batuz. Aurtengoan 20 talde arituko dira lehian; zortzi emakumezkoek soilik osatutakoak izango dira, beste zortzi gizonezkoek bakarrik eta gainontzeko laurak mistoak. Zortzikoak izango dira taldeak.
Bi lehiaketa izango dira, sokatira eta herri kirolak. Azken honetan oskola proba, txinga, zakua altxatzea, harria, trontza, giza proba eta korrika egin beharko dituzte. Guztientzako proba berdinak izango dira, nahiz eta emakumezkoen taldeek 50 kiloko harria jaso beharrean 25ekoa altxa beharko duten; trontzan ebakiera bakarra egin beharko dute eta gizonezkoenek eta talde mistoek bi.
Ondoren, frontoi txikian bazkaria egingo dute, 14.30ean. Bazkalostean giroa alaitzeaz elektrotxaranga arduratuko da. 23.00etan, Nogen musika taldearen kontzertuak hasiko da Plaza Nagusia, eta ondoren, Zutik elektrotxarangaren kontzertuak hartuko du erreleboa.