Lazkaon Kanpandegiko industrialdea garatzeko prozedura hasi dute
Urbanizazioa prestatzeko lanen deialdia atera du Goierri Beheko Industrialdea SA enpresa publikoak. 3 milioi euroko kostua du. Zubierreka industrigunearen beste aldean kokatuko da eremua
Lazkaoko udalerrian industri eremu bat eraikitzeko prozedura hasi dute: Kanpandegiko industrialdea. Goierri Beheko Industrialdea SA enpresa publikoak sustatuko du, eta oinarrizko azpiegitura eraikitzeko lana emango du orain. Lehiaketa publiko bidez egin du deialdia.
Lazkaoko herrigunearen hegoaldeko irteeratik Ataunerako bidean, Gi-2120 errepidearen eskuin aldeko zelaian garatuko dute Kanpandegiko industrialdea, Zubierrekaren parean. Hiribarren-Ibabe, Zubierreka eta CAF eremuen ondotik, herriko laugarrena izango da.
Kanpandegiko zelaia urbanizatu eta lurra prest utziko du Goierri Beheko Industrialdeak, lehen urrats modura. Uztailaren 2an argitaratu zuen obra-kontratuaren deialdi irekia. 2.965.807 euroko balioa du aurrekontuak, lanen segurtasun eta osasun aurrekontua barne (60.509 euro). Denera, BEZarekin, 3.588.626 euroko inbertsoia eskatuko du lehen faseak.
Urbanazioa egiteko epea, berriz, urtebete eta bi hilabetea dela zehazten du. Lehiaketara aurkeztutako enpresen eskaintzak aztertzeko fasean dago orain prozedura. Astelehenean bukatu zen epea.
Garatu gabeko azkenak
Kanpandegi 21. hirigintza barrutian sartuta dago. Hiru sailek osatzen dute; Kanpandegik, Amebik eta Meandroak. Hiruren artean, guztira 98.857 metro koadro dira. Kanpandegikoa bezala, Amebiko zelaia ere industri ekipazio eta erabilerarako aurreikusten du Lazkaoko Hiri Antolamenduko Plangintza Orokorrak. Meandroan herri baratzeen parkea dago.
Kanpandegiko industrialdeak 63.410 metro koadro izango du, eta 19.500 metro koadroko eraikigarritasuna. Etorkizunean, industri eraikinak errepidetik 15 metrora eta Agauntza erreka ertzetik 16 metrora kokatu beharko dira, eta errekatik 6 metro altura. Eraikinen altuera 12 metrora mugatzen du, arrazoi funtzionalak justifikatuta gainditu ahalko dena.
Indarrean dagoen hirigintza plagintzan, industriara bideratutako urbanizatu gabeko azken eremuak dira Kanpandegi eta Amebi. «Aurreikusitako gainerako industria-lurzoru guztiak bertan dauden enpresak handitzeko erabiltzea aurreikusi dutenez, Kanpandegi eta Amebi esparruak ezinbestean garatu behar dira, jarduera ekonomiko berriak ezarri eta lanpostu berriak sortu ahal izateko», dio Arauen justifikazio txostenak.
Kanpandegi garatzeaz arduratuko den Goierri Beheko Industrialdea SA enpresa publikoan SPRI (Eusko Jaurlaritzaren enpresa garapenerako sozietatea) da akziodun nagusi, %51rekin; Gipuzkoako aldundia (%24,5), Lazkaoko Udala (%11,56), Zegamako Udala (%5,72) eta Goierriko beste zenbait udal (7,22) ere bazkide dira. 1985ean sortu zen, Ordiziako Industrialdea SA bezala. Oraingo izena 2001ean hartu zuen, Lazkaoko Industria Lurra SA bereganatu zuenean.