Negu Gorriak taldea Ordizian elkartu zenekoa
Negu Gorriak taldeko bost kideak azkenekoz Ordizian aritu ziren elkarrekin eskenatoki baten gainean, Amaia Apaolazaren omenezko kontzertuan.
Negu Gorriak taldeak itzal handia utzi du euskal musikaren historian. Taldea 1991. urtean sortu zen, eta ofizialki 1996an agur esan bazuten ere, beste hainbat kontzertu eman zituzten, Rodriguez Galindo teniente koronelak jarritako salaketa artxibatu ondoren, 2001ean, eman zuten agurreko azken kontzertua, 30.000 lagunen aurrean. Geroztik, okasio gutxi batzutan bakarrik ikusi ahal izan dira taldekide guztiak eskenatoki berean. Azkena, 2015eko azaroan izan zen, Amaia Apaolaza zenaren omenez Ordizian egindako kontzertu-omenaldian. Fermin eta Iñigo Muguruza, Kaki Arkarazo, Mikel Kazalis eta Mikel Abrego, Esne Beltza taldeko kideekin batera igo ziren eskenatokira. Gora herria! abesti ezaguna jo zuten denek elkarrekin. Fermin Muguruzak berak azaldu zuenez, “Amaiak batu” zituen berriz taldekide guztiak.