«Nigan eragin handiena izan duen entrenatzailea Jagoba Arrasate da»
Jon Manuelek (Zumarraga, 1992) Griezmann-ekin jokatu zuen, besteak beste, Realaren gazte mailako taldean. Tolosa, Alaves eta Beasain taldeetan ere jokatu du.
Nolatan futbol zalea?
Aita (Angel Manuel) ere futbolaria izan zen. Kimu kategorian Urolan jokatzen hasi nintzen eta ordutik ez dut utzi. Aitak, amak eta arrebak umetatik jarraitu naute. Gutxitan ikusi dut halako babesa.
Zein taldetan aritu zara?
Kadete mailan Tolosara joan nintzen. Ondoren, bost denboraldi eman nituen Realean. Bi denboraldi lagata egon nintzen: bat Sestaon eta bestea Beasainen. Iaz Sestaora itzuli nintzen. Lehenago, bi denboraldi eman nituen Alavesen eta hiru Beasainen.
Nolakoak izan ziren Realean eman zenituen urteak?
Gazte mailako hiru urteak eta senior mailako lehen bi urteak eman nituen Realean. Garai hartan ez zegoen Real C taldea. Gazte mailan dagoeneko partida batzuk jokatu nituen Sanserekin, baina gazte mailako taldetik Sansera salto handia dagoenez, Sestaora bidali ninduten. Sestao Bigarren B mailan zegoen garai hartan.
Realean hasi al zinen ezker hegaleko defentsa postuan jokatzen?
Bai. Nire postuan Pablo Hervias zegoen, oso jokalari ona, eta defentsan jarri ninduten. Pisua irabazi nuen eta defendatzen ikasi nuen hor jokatu ahal izateko.
Norekin jokatu zenuen Realean eman zenituen bost denboraldietan?
Nire belaunaldikoak Joseba Zaldua eta Ruben Pardo dira. Antoinne Griezmann, Iñigo Martinez, Pablo Hervias eta Kenan Kodrorekin ere jokatu nuen.
Argi al zegoen Lehen Mailara helduko zirela?
Batzuen kasuan, bai. Pablo Hervias nik ikusi dudan jokalari onena da. Begian arazo bat izan zuen eta, nire ustez, horregatik ez dago Realean. Dena den, Lehen Mailan jokatzen ari da, Valladoliden. Griezmann oso isila zen. Teknikoki oso ona zen eta, txikia izan arren, buruz ere ondo moldatzen zen. Oso argia zen. Joseba Zaldua fisikoki oso indartsua zen eta lehen taldera iritsiko zela ikusten zen. Bestalde, nigan eragin handiena izan duen entrenatzailea Jagoba Arrasate da. Oso gertukoa da. Eta nik bezala, futbola bizi du. Asko pozten nau bera berriro Lehen Mailan ikusteak. Osasunarekin egiten ari dena izugarria da.
Zergatik uste duzu ez zinela lehen taldera iritsi?
Detaile txikiek garrantzi handia dute. Garai hartan Sanseko jokalariak beteranoagoak ziren eta ni heldu nintzenean beste bi jokalari zeuden nire postuan: Alberto Morgado eta Julen Castañeda. Morgado Alavesetik fitxatu zuten eta, beraz, klubaren apustu bat zen. Castañedak Bigarren B mailan jokatzen du egun. Beste postu batzuetan ez zegoen hainbesteko konpetentzia eta aurrera egiteko aukera handiagoa izan zuten. Behin Realetik irtenda, zaila da itzultzea. Sestaora joan nintzen eta beraien jokatzeko erak ez zidan mesede egiten.
Zergatik joan zinen Sestaora?
Garai hartan Real Union zen Bigarren B mailan zegoen Gipuzkoako talde bakarra. Sestaok nire aldeko apustua egin zuen eta, gainera, Oskar Martin zumarragarra han zegoen. Aurrera egiteko aukera ona zela uste nuen, baina Realetik kanpo gehiago eskatzen dizute. Realean pazientzia gehiago dute gazteekin. Realetik irten eta Bigarren B mailako talde batean arrakasta izatea zaila da gazte mailako jokalari batentzat. Penalti bat egin ondoren jokatzeari utzi nion eta denboraldia amaitu aurretik Realera itzuli nintzen.
Hala ere, Sestaora itzuli zara.
Sestaon sekulako zaletasuna dago. Partida guztietan zelaia bete egiten da, entrenamenduak ikustera etortzen dira… Arantzatxo bat nuen eta itzultzea erabaki zuzena izan da. Bigarren aro honetan gozatzen ari naiz. Aurreko denboraldian minutu gehien jokatu zituen jokalaria izan nintzen. Duela zazpi urte baino jokalari indartsuagoa naiz.
Alavesen eta Beasainen ere jokatu duzu.
Gasteizen ikasi nuen eta Alavesen bigarren taldean jokatzeko aukera eduki nuen, Hirugarren Mailan. Ondoren, hiru denboraldi eman nituen Beasainen. Bertan eta Sestaon gozatu dut ge-hien. Urtzi Arrondok familia bat sortu zuen. Denok lagunak ginen, play-off-a jokatu genuen, herri osoa mugitu genuen… Sestaorekin ere play-off-a jokatu dut, baina Beasainen ez genuen hori espero.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Urtebeterako kontratua dut. Futbol amateurrean zaila da etorkizunean non egongo zaren esatea. Neskak eta biok enpresa bat ireki dugu Orion eta lan asko dugu. Entrenamendu pertsonala eta lesioen ondorengo egokitzea eskaintzen ditugu. Futbola asko gustatzen zait, baina, zoritxarrez, ezin naiz hortik bizi.