Udanako mendatea lau hilabetez itxiko dute irailaren 16tik aurrera
Lanak egingo dituzte GI-2630 errepidean. Olaran erreka lau aldiz pasatzen da bide azpitik eta zubiek konponketak behar dituzte. Autobus zerbitzua etengo dute
Legazpitik Oñatira doan errepidea da GI-2630. Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako sailak adierazi duenez, Udanako mendatean egin beharreko lanak direla eta, lau hilabetez itxiko dute mendatea irailaren 16an. Lanak hurrengo astelehenean hasiko dira, baina errepidea ez dute 16ra arte itxiko. Bitarte horretan Oñatiko Olabarrieta auzoko bizilagunek baino ez dute bertatik edo inguruko auzo bideetatik igarotzeko baimena.
Olaran erreka lau aldiz pasatzen da errepide azpitik eta lanen zergati nagusia da errepide azpiko zubi horien egoera ez dela ona. Lanak bi faseetan egingo dituzte. Aurrenekoan Udanatik gertuen dauden bi zubiak konponduko dituzte eta bigarrenean beste biak.
Zubiek kalteak dituzte bereziki lauzen handitzeetan, zubien egitura janda dago eta zubi barruak bistan daude. Egungo hormigoizko handitzeak eraitsi eta berriro egingo dituzte.
Lanek lau hilabetez irautea aurreikusi dutenez, zirkulazio mozketak seinale bidez adieraziko dituzte eta ordezko bideak ere bai. Legazpin, Udana trafikorako itxita dagoela jakinarazteko Gipuzkoako Foru Aldundiak seinalea jarriko du Bikuñako biribilgunean eta Brinkolako bidegurutzean errepidea moztuta dagoela adierazteko seinalea jarriko dute, alegia, zirkulazioa debekatuta dagoenaren seinalea.
Autobusak
Lanek autobus lineari eragingo diote zuzenean. Legazpi, Oñati eta Arrasate lotzen dituen lineari, hain zuzen. Lurraldebusek artean ez badu konfirmatu ere, litekeena da Legazpi, Oñati eta Arrasate lotzen dituen autobus zerbitzua bertan behera geratzea lanek irauten duten bitartean. Koldobike Olabide Legazpiko alkateak informazioa jakin bezain pronto zabalduko dutela adierazi du.