Zeraingo Azoka Ekologikoak zilarrezko ezteiak ospatuko ditu igandean
Goiz osoan 30 ekoizle baino gehiago izango dira plazan. Ekintza osagarriak ere antolatu dituzte. Ostegunean, Goierriko 12. Jardunaldi Ekologikoa hasiko da.
Biolur, Zerain Dezagun Fundazioak eta Goierriko Baratzak elkarlanean antolatzen duten azoka ekologikoak 25. urteurrena beteko du igandean. Biolurrek Gipuzkoan sortu zuen lehenengo azoka da eta Gipuzkoatik harago, Euskal Herrian ere erreferentziazko tokia irabazia du 25 urteotan Zerainek.
Ekoizpen ekologikoaren arauen arabera ekoitzitako 30 ekoizle baino gehiago izango dira igandean Zeraingo plazan, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Zeraingo bertako produktuek ere aparteko lekua izango dute. Honela, ekoizleek eta herritarrek zuzeneko harremana izango duten produktuen jatorria ezagutzeko eta kontsumitzaileek izan ditzaketen zalantzak argitzeko. Ardo, sagardo eta tomate dastaketak ere izango dira.
‘Azoka baino gehiago’
Lema horixe izan du beti Zeraingo azokak, produktu salmentaz gain, tailerrak, sagar muztioa, pintxoak, ikuskizunak, erakusketak, artisauak, showcooking, azokan bisita gidatuak eta Zerainek duen ondare eta ingurune osoa ezagutzeko aukera izaten delako. Aurten, 25. urteurrena dela eta, erosleen artean, oihal ekologikoz egindako poltsak banatuko dituzte; bi otar ekologiko ere zozkatuko dituzte.
Jardunaldi ekologikoa
Duela 12 urtetik, Zeraingo azoka ekologikoaren osagarri den Goierriko Jardunaldi Ekologikoa ere izango da. Hil berria den Aitor Roman Ataungo ekobaserritarraren omenezkoa izango da aurtengoa.
- Irailaren 12an: 19:00etan, Ataungo udaletxean, Egungo basogintza politikaren azterketa eta etorkizunerako aukerak: baina non daude gure basoak? hitzaldia egingo du Urtzi Goitik.
- Irailaren 19an: 19:00etan, Zeraingo kultur etxean, Aleka-k euskal haziaz izango du hizpide.
- Irailaren 26an: 19:00etan, Ordiziako D’Elikatuz museoan, Eta zer da bioeraikuntza? hitzaldia, Ekaitz Uribe eta Nagore Tolosa hizlari direla.
- Irailaren 28an: 10:00etatik 14:00etara, Ordiziako D’Elikatuz museoan, Goierriko ekonomia sozial eta eraldatzaileko proiektuen topaketa.
- Urriaren 5ean: 10:00tatik 14:00etara, Ikasi zure fermentuak egiten tailer praktikoa egingo du Nerea Zorokianek, Mutiloako elkartean. Izena eman behar da Zeraingo udaletxean edo Goierriko Baratza dendan. Prezioa: 30 euro.