Olano eta Orkliko bikotea irabazle Ordiziako lehiaketatan
Gastronomiari eskaini diote arratsaldea gaur Ordizian, Euskal Jaien barruan. Bi lehiaketa jokatu dira, Goierriko odolki onena aukeratzeko bat, eta sukaldaritza lehiaketa bestea. Lehena Olanok irabazi du, eta bigarrena, Orkli ordezkatzen duen bikoteak.
Biharko azoka bereziaren bezperan, gastronomiak toki berezia izan du Ordiziako Plaza Nagusian, arratsaldean jokatu diren bi lehiaketak direla eta. Batetik, Goierriko Odolki Onenaren 25. dastaketa eta lehiaketa egin dira, 17:30ean hasita, eta Beasaingo Jose Manuel Olano harakinaren aldekoa izan da epaia. Bestetik, ordu berean hasi dira 29. Gastronomia Topaketa eta 4. Belaunaldien Arteko Sukaldaritza Txapelketa, eta azken honetan Orkli kooperatiba ordezkatzen duen bikoteak irabazi du.
Sukaldaritza lehiaketa hori Ordiziako elkarteen artean jokatzen zen lehen, baina 2016az geroztik ekimena babesten duten enpresa eta erakundeen artekoa da. Horiek ordezkatzen dituzten bikoteek parte hartzen dute, eta bikoteak belaunaldi desberdinetako lagunek osatuta egon behar dira, bat gainera 10 eta 18 urte bitartekoa.