Bi zapelatz eta amiamoko zuri bat askatuko dituzte Aralarren
Igeldoko Arrano Etxean sendatutako hegaztiak Lizarrusti Parketxean askatuko dituzte, hilaren 22an. Bertatik bertara ikusteko, izena eman behar da.
Aralarren beste hiru hegazti aske hegan ikusteko aukera izango da laster. Igeldoko Arrano Etxean sendatutako bi zapelatz eta amiamoko zuri bat askatuko dituzte hilaren 22an, igandearekin, Lizarrustiko Parketxearen inguruetan. Izan ere, animaliak sendatu eta “ahalik eta lasterren euren ingurune naturalera” itzultzea da Arrano Etxearen helburua.
Gipuzkoako Parketxe Sareak, hegaztiak nola askatzen dituzten ikusteko aukera emango die herritarrei. Goizeko 11:00etan jarri dute hitzordua Lizarrustin. Azalpen batzuk emango dituzte aurrena, eta ondoren, 15 minutuko txangoa eginda, “inguruko leku egoki eta eder batean” askatuko dituzte.
Hegazti horien inguruan gehiago ikasteko eta “askatasunean beraien natur ingurunera nola itzultzen diren” ikusteko aukera izango da, beraz. Jarduera doakoa izango da, baina parte hartu nahi dutenek, aurrez eman behar dute izena, 943 18 03 35 telefono zenbakira deituta edo barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera mezu bat bidalita.













