Jokin Arratibelek irabazi du Olaberriko sagardo txapelketa herrikoia
Herriko etxeetan egindako zortzi sagardok parte hartu dute lehiaketan. Arkupe elkartean, larunbat iluntzean jokatu zuten, bigarren aldiz.
Olaberriko II. Sagardo Txapelketa Herrikoian Jokin Arratibelek aurkeztutako ‘Haize-Leku’ sagardoa aukeratu zuten onentzat, larunbatean. Arkupe elkartean egin zuten lehiaketa. Olaberritarrek parte har dezakete hitzorduan, sagardoa etxean egin edo ontzen duten ez profesionalek. Zortzi aurkeztu dituzte aurten.
Dastaketan 30 herritarrek parte hartu zuten. Sagardo bakoitza probatu, eta nota jarri zioten bakoitzari. Arratibelen sagardoak 250 puntu batu ditu. Bigarren, Txara-Berriko Felix Urteagarena geratu da (221 puntu), eta hirugarren Urkiola-Azpiko Joxe Miel Zubeldiarena (202).Txapela jantzi diote irabazleari, eta garaikurrak eta ikurrak eman beste sarituei eta partaideei.
Lehiaketaren ondoren, afaria egin dute 33 lagunek (iaz baino seik gehiagok). “Giro ezin hobea” izan dela eta, gustura geratu dira antolatzaileak, “datorren urtean berriro egiteko asmoz eta gogoz”.