CAF aukeratu dute Frantzian 28 Intercité tren berri egiteko
Paris Clermont eta Toulouse hiriekin lotzen duten lineatarako 28 tren egingo ditu CAFek, eta beste 75 egiteko aukera zabalik utzi dute. Kontratuaren balioa 700 milioi eurokoa da.
Frantziako SNCF tren operadoreak CAF aukeratu du Paris-Clermont eta Paris-Limoges-Tolouse lineatan zerbitzua emango duten 28 trenak egiteko. Eskari horrek 700 milioi euro inguruko kostua izango du. CAFek egindako eskaintza izan da onena “errendimendu teknikoari, berrikuntzari eta kostuari” dagokionean. Kontratuak beste 75 tren egiteko aukera ere jasotzen du.
SNCF Mobilités enpresako Kontratu Batzordeak gaur eman du erabakiaren berri, eta lizitazio prozesuaren emaitzak ikusita, CAF fabrikatzailea proposatu du Zuzendaritza Batzordeak urriaren 24an egingo duen bilerarako.
Ohiko trenbide sarerako diseinatutako automotor elektrikoak dira, 200 kilometro orduko abiadura har dezakete eta, enpresaren arabera, “erosotasun eta ekipamendu maila altuak” eskaintzen ditu. Trenak 2023. urtetik aurrera jarriko dituzte zirkulazioan, eta Corail motako trenak eta haien lokomotoreak ordezkatuko dituzte.
Intercité trenak bi industrialdetan egingo dira, Beasainen eta Bagneres-de-Bigorren (Goi Pirinioetan). CAFek 2008an erositako Soulé trengintza arloko enpresarena da Bagneres-de-Bigorreko industrialdea, eta kontratuari bide emanez gero, “egiazko industria campusa” bihurtuko litzateke, fabrika moderno eta prestakuntza zentro banarekin, enplegu kopurua 100etik 350era igota. CAFek 30 milioi eurotik gorako inbertsioa egitea aurreikusten du Bagneresen.