Lekanazpi Egunaren hirugarren edizioa dator
Elkarteko kideen harremana indartzeko xedearekin sortutako egunaren hirugarren ekitaldia da. Larunbatean ospatuko dute. Mendi buelta eta bazkaria izango dira egunaren ardatzak
Lekanazpi elkartearen III. Eguna ospatuko dute datorren larunbatean, irailak 21. Eguna elkarteko kideen harremana indartzeko eta elkarteari bultzada emateko sortu zuten bazkideek. Aurtengo ospakizunaren dinamika aurreko urteetakoaren ildotik doa. Mendi txangoa eta bazkaria ezinbesteko ekintzak izango dira oraingoan ere bai.
Mendi irteera egiteko elkartetik aterako dira 09:30ean. Atagoitira igo eta Irazola baserri ingururaino iritsiko dira. Handik Trapalatara igo eta Arraseta zeharkatuko dute berriro Lekanazpira iristeko. Elkartean hamaiketakoa zain izango dute.
Bazkarira 14:30a bueltan bilduko dira bazkideak, senideak eta lagunak. Plater nagusia elkarte kanpoan egingo duten paella izango da. Trikitilariek alaituko dute bazkal aurrea eta ostea eta antolatzaileek haurrentzat sorpresak egongo direla agindu dute. Bazkide askok eman dute izena jada, baina oraindik izena emateko aukera dagoela adierazi dute Lekanazpi elkarteko kideek.