Txinpartadun astea
Lazkaon, sagardogintzari buruzko hitzaldia egingo dute gaur. Urteko sagardo dastaketa larunbatean arratsaldean izango da.
Datorren urteko sagardotarako sagar uzta biltzeko garaia iristear denean, iazkoaren botilatutako emaitza probatzeko une egokiena da. Lazkaon eta Olaberrian hala egin dute.
Urteroko sagardo dastaketa larunbatean egingo dute Lazkaon. Horren aurretik, eta berritasun modura, gaur sagardogintzari buruz hitzaldia izango da, kultur etxean, 19:00etan. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaile eta teknikari Olatz Mitxelena da hizlari.
Sagardogintzaren lehena eta oraina errepasatuko ditu. Hitzaldiaren helburua, ordea, sagardoari edari bezala balioa ematea da, generiko izatetik harago sakontzeko: sagardo motak, tokian tokikoen ezaugarriak, desberdintzen nola ikasi, eta uzta nolakoa izan den xehatuko du.
Larunbatean, 27. sagardo dastaketa 19:00etan hasiko da, plazan. Guztira, 19 sagardotegitako sagardoak ekarriko ditu udalak (horietatik 18, elkarteko bazkideak). Edalontzia euro 1ean salduko dute. Taloak izango dira, eta Jundajo txarangak alaituko du.
Olaberrian txapelketa
Olaberrian lehengo larunbatean izan zuten sagardoaren bueltako festa, II. Sagardo Txapelketa Herrikoiarekin. Etxeetan egindako zortzi sagardo probatu zituzten 30 herritarrek. Puntu gehien Jokin Arratibelen Haize-Leku sagardoak batu zuen, eta hark irabazi du txapelketa. Arkupe elkartean egin zuten dastaketa eta lehiaketa, iluntzean hasita.
Afaltzen 33 lagun elkartu ziren, jarraian, iaz baino sei gehiago. «Giro ezin hobea» izan dela diote txapelketaren antolatzaileek, eta datorren urtean berriz egiteko asmoa eta gogoa dutela.