Agur udari, ongi etorria udazkenari
Intxaur berriak, hurrak, gaztainak eta babarrun beltz gutxi batzuek udazkenez jantzi dute udako azken feria. Jon Etxeberria erlezainak hasi du ezti denboraldi berria.

Udaren azken egun hauek apropos deitzen den udaren azkenera garamatzate. Eta neguko ataria aberatsa dugu Euskal Herrian. Sagar, intxaur, babarrun, kalabaza, gaztaina edota mikologia atalean ere bai, parametro guztiak lagun noski. Atzo, esate baterako, saltsa perretxiko beltza craterellus cornucopioides zuen Axun Etxeberriak salgai (5 kilo guztira, 20 euroan kiloa). Aldamenean biltzailea zuen, iloba, Gazteluko Mikel Etxeberria. «Atzo arratsaldean Gipuzkoan bertan bildua, pagaditan». Hala kontatu zigun. «ez nuen ohiturarik, baina hain ona zela esaten zutenez, probatzea pentsatu nuen, pastarekin esate baterako oso goxoa gelditzen da». Kanpotik ekarri izan dute, baina biltzaileak berak eta inguruan bilatutakoa salgai ikustea ez da arrunta.
Atzo intxaur berria ikusi genuen hainbat sal mahaitan, kiloa 5-6 euro artean. Iaz ez bezala, aurten urte ona dirudi. Gaztaina ugaritu da (3,5-4€/k). Babarrun beltz gehixeago ere ikus genuen, baina oraindik leka berde antzekoa dute, datorren astean gehiagoren esperantza agertu dute batzuk. Aldiz, leka asko dago momentu honetan, «harritzeko adina» ere entzun dugu; txapala, gorria, itaie eta borobila daude aukeran, 3-5 euro artean kiloa. Tomatea ere poliki dago. Eta dena beranduago badator ere, emankor orokorrean, frutei dagokienez bereziki.
Loretan lehen pentsamenduak (2 €/bakoitza) ikusi ditugu, lehendik ziren ziklamen edota azalearen lagun.
Feriak are eta gozoago
Jon Etxeberria erlezaina hasi da berriz ere etortzen. Udaberri hasierara arte izan ohi da ferian, genero salmenta aurreratua eta erleekin lanean berriz ere hasi beharra izaten baitu garai horretan. 2015eko irailaren 9an etorri zen lehen aldiz eta harrezkero bezero fidel askoak inguratzen zaizkio. Iazko prezio berean aurkeztu zuen atzo propoleoa (6,5 euroan 15ml eta 10 euroan 30ml) eta bost ezti mota: (5 euroan 320 gramoko potea, 6,50 euro kilo erdikoa eta 12 euro kilokoa. Milalore eztia, ezti-ihintza, erromero-eztia, ezkai-eztia, lahar-eztia eta arte-eztia arbola. Erleen ezti iturri ugari daude, bai Nafarroan baita Gipuzkoan ere.
Aurten gutxiago duela aipatzen zigun, «erregin hazkuntzari eskaini diot denbora dezente, beste eginkizun bat da erleen mundu honetan». Urte ona izan ote den galdetuta, «kostaldetik hurbil daudenetan oso urte ona eta barnealdekoetan,ohikoa baino gutxiago». Halere, «Nafarroako urterik txarrena Gipuzkoako onenen parekoa izaten da, ezti emaleagoa den landare gehiago delako batetik, eta eguraldia ere lehorragoa bestetik».
Eztiari eta erleari buruz gehiago jakiteko beregana hurbiltzeada onena, asteazkenero hantxe izango baita.